Almeria 2-1 Osasuna| Talde gorritxoak denboraldiko lehen porrota jaso zuen Juegos Mediterraneos futbol zelaian. Lehen zatian Martinen jokalariak markagailuan aurretik jarri ziren, baina bigarren zatian neurketaren kontrola galdu, eta Almeriak, bere aurrelarien kalitatea zela medio, partidari buelta eman zion. Zernahi ere, atzokoan iruindarrek emandako itxura onak porrotak utzitako aho-zapore mingotsa leundu zuen.
Aurkia eta infrentzua, biak ezagutu zituen atzo Osasunak Almeriaren aurka jokatutako partidan. Izan ere, 90 minutuk gauza askotarako ematen dute: une batean partida guztiz kontrolpean izan dezakezu, eta minutu gutxi batzuen buruan egindako lan guztia pikutara joan ahal zaizu. Bada, atzokoan talde nafarrari horrelako zerbait gertatu zitzaiola esan daiteke; 60 minututan zehar partida bikaina egin zuen, Lehen Mailara igotzeko hautagai nagusienetariko bat den Almeriari bere zelaian koloreak atereaz, baina batbatean kontrolpean zuen norgehiagokak eskuetatik ihes egin, eta azkenean esku hutsik atera zen Juegos Mediterraneos futbol zelaitik. Modurik mingarrienean gainera, Almeriak garaipenaren gola partida amaitzeko bi minutu eskas falta zirela sartu baitzuen.
Egoera horretan, atzoko norgehiagokak sentsazio kontrajarriak utzi zituen zale gorritxoengan. Alde batetik, etsipen apur bat utzi zuen, taldeak punturen bat lortzeko merituak eginagatik ere, azkenean patrika hutsik zuela bueltatu baitzen Iruñea aldera. Alabaina, baikortasuna ere ezinbestean aipatu behar da, Martinen mutilek atzokoan jokatutako partidak etorkizun hurbilari ilusioz so egiteko abagunea ematen baitu. Agerikoa den bezala, amaiera txarra izan zuen partidak, baina beronen zati handi batean gorritxoek partida modu ezinhobean irakurri zuten, etxeko taldea estutasunetan jarriz. Defentsan sendotasun handia transmititu zuten, eta erasoan, baloi jabetza handirik izan ez zuten arren, gol abagune dezente sortu zituzten, gehienbat kontraeraso bizkorrez baliatuz.
Bertute horiek batez ere lehen zatian izan ziren agerikoak. Arrizabalagako entrenatzaileak erabilitako eskema berritzaileak (5-1-2-2 a erabili ordez 4-2-3-1 aren aldeko apustua egin zuen) Sergi Barjuan eta haren jokalariak ezustean harrapatu zituen; modu horretan, Almeria ezinean aritu zen lehen zati osoan zehar. Gorritxoek defensa bat gutxiago zelairatu zuten, baina Oier Merinorekin batera euskarrian kokatzeak egonkortasuna eman zion taldeari, eta, bide batez, zirrikitu guztiak itxi zizkion etxeko taldeari. Eta erasoko jokalariei dagokienez, Ninoren atzetik ibili ziren Pucko eta Berenguer nahi bezala aritu ziren, kontraerasoan arerioa odolustuz. Hain zuzen ere, bi hauek izan ziren gorritxoen golaren protagonistak (eta, nola ez, kontraerasoan lortu zuten): Almeriaren korner baten ostean, Berenguer gazteak baloia lapurtu, sekulako korrikaldi bat egin, behar zen unean Puckori pasea eman, eta esloveniarrak lehen gola egin zuen.
Martinen aldaketa taktikoarekin, Almeriaren goraldia
Nafarren gola atsedenerako gutxi falta zela iritsi zen, beraz, arerioa ikututa utzi zutela esan daiteke. Lehen 45 minutuetan erakutsitakoa erakutsita, ez zirudien Sergiren mutilek partida iraultzeko gaitasuna izango zutenik, erasoan antzu eta defentsan zalantzakor aritu baitziren. Alabaina, bigarren 45 minutuetan gauzak errotik aldatu ziren. Atsedenetik bueltatu eta berehala Almeria indarberrituta zelairatu zela somatu zen; modu horretan, pixkanaka pixkanaka Osasuna atzean sartzen, eta, horrekin batera, gol abaguneak sortzen joan zen. Hala, emaitza mantendu nahian, Martinek eskema taktikoa aldatu, eta bost defentsako lerroa berrezarri zuen. Teorikoki honek defensa sendotzea ekarriko zukeen, baina hain justu kontrakoa gertatu zen: eskema taktikoa aldatu eta berehala defensa gorritxoak akatsak pilatzen hasi ziren.
Egoera horretan, Almeriaren kemena eta Osasunako defentsaren ahuldadea zirela medio, etxekoek banakoa egin zuten. Chuli izan zen golegilea, David eta Unai Garciari aurrea hartu eta baloia buruz sareetara bidalita. Golak eragin oso txarra izan zuen kanpoko taldearengan, eta ondorengo minutuetan sufritzea tokatu zitzaion. Almeriak hiru puntuak etxean utzi nahi zituen, eta gorritxoen momentu txarra probestuta, bigarren gola egiteko zenbait abagune izan zituzten. Aitzitik, Martinen gizonak ez zeuden amore emateko, eta zenbait minutu iraun zituen beheraldiaren ostean, berriz ere Almeriaren areara arriskuarekin iristen hasi ziren. Aukerarik garbiena bigarren zatian sartu zen Olavidek izan zuen, haztegikoak área kanpotik eginiko jarutiketa bat, Almeriako defensa batean tupust egin, eta sare barrura sartzear egon zenean. Hori izan zen gorritxoek hiru puntuak lortzeko izan zuten azken abagunea. Izan ere, minutu batzuk geroago Pozo aurrelariak, zartako itzel bat zela medio, Almeriaren bigarren gola egin zuen. Zigor handiegia askoz ere gehiago merezi izan zuen Osasunarentzat.
Horrenbestez, gorritxoek denboraldiko lehen bi neurketetan hasitako bolada onari ezin izan zioten jarraipenik eman. Almeriatik punturen bat ateratzeko merituak sobera egin zituzten, baina azkenean kalitatezko jokalari gehiago dituen Almeriak esku hutsik utzi zituen. Zernahi ere, esan bezala Osasunak minutu askotan Zilarrezko Mailako talderik onenetariko bat mendean hartu zuen, eta hori ez dago edonoren peskizan. Hortaz, emaitzak emaitza, Martinen proiektuaren egonkortze prozesuak aurrera darraiela esan daiteke.
Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)