Denboraldia amaitu eta gero, azken jardunaldietarako markatutako helburua bete du talde gorritxoak, kostata izan bada ere; Salbazioa. Bigarren mailara jaitsi eta gero, taldeak ilusioa berpiztu zuen zaleengan. Lehenengo mailara itzultzeko desio eta ametsa, baina, pixkana itzaltzen joan zen. 15/16 denboraldia lasaiagoa eta aberasgarriagoa izan dadin hasi dira jada Osasunako lehen taldean mugimenduak. Argi geratu den gauza bakarra, taldearen jabetza iraunkor eta baliotsuena zalegoa dela. Sabadellen eta etxean gorriak pasatu arren taldea animatzen utzi ez zioten horiek. Sabadellen ez ezik, denboraldi osoan zehar hor egon diren zaleak dira gorritxoak.
Sabadellera 2500 zaleen babesarekin iritsi zen Osasuna. Nafarroako txoko guztietako jendea bildu zen bidaiarako. Osasuna sortu zenetik ezagutzen den neurketa garrantzitsuena zen kataluniarren aurkakoa. Denboraldi osoko lana 90 minututan jokoan. Jada Bigarren B mailara jaitsita zegoen talde bat aurrean zuela eta puntu bakar batekin salbazioa lortzeko aski zela kontuan hartuta, panorama ezin hobea zen talde gorritxoarentzat. Neurketak, ordea, jokatu egin behar dira.
Festa giroa nagusi izan zen neurketa hasi zen arte. Izan ere, hasi eta berehala Sabadellek bat eta hutsekoa (Collantes 5.min) ezarri zuen markagailuan. Jende asko oraindik ez zen ezta esertzera iritsi markagailua Sabadellen alde jarri zenean. Erraza izan behar zuen neurketa hasi eta berehala okertu zen, beraz. Kezka zaleen artean zabaldu bazen ere, denbora franko zegoen oraindik ere neurketa berdintzeko. Gorritxoak arerioak jokoan ezer ez zuela ikusita zelaira konfiatuegi atera ziren, esfortzu handirik gabe neurketa irabaziko zutela pentsatuz. Hamaseigarren minutuan iritsi zen etxekoen gola, Anibalen burukada baten bitartez. Sabadellen bigarren golean Osasuna bat gutxiagorekin zegoen zelaian, Vujadinovic min hartuta baitzegoen zelaitik kanpo. Asko kosta zitzaion Martini aldaketa egitea- Alarma gorriak orduan piztu ziren. Taldeak gora egin joan beharra zeukan eta Vujadinovicen lekua taldeari hauspoa eman zion Cedrickek hartu zuen. Mota guztietariko aukerak izan zituen talde iruindarrak, baina zehaztasun falta batzuetan eta Sabadelleko atezainaren erantzun onak zirela beste batzuetan, bi eta hutseko markagailuarekin amaitu zen lehenengo zatia.
Racing markagailuan aurretik zela kontuan hartuta, berdinketa behar zuen Osasunak mailari eusteko. Gauzak horrela, bigarren zatia agonia hutsa izan zen zale gorritxoentzat. Batez ere neurketa zelaitik bertan ikusten ari ziren zale gorritxoentzat. Malkoak eta tristura aurpegiak nagusi ziren. 45 minututan bi gol sartu behar zituen Osasunak, bai edo bai. Osasuna aurrera joan zen, hegaletik Hervias eta Cedrickekin min egiteko asmotan. Aurrealdean, baina, taldea kamuts ibili zen. Azken jardunaldietan egin bezala, geldikako jaurtiketen bitartez saiatu zen talde gorritxoa, baina ez zuen aukera garbirik sortu. Taldea gora joan zenean, atzean zuloak utzi zituen. Zulo horiek Sabadellen gol aukera garbietan bihurtu ziren. Riesgoren figura orduan azaleratu zen, taldearen aukerak bere horretan mantenduz. Bi geldiketa ikusgarri egin zituen, eta Osasuna bizirik mantendu. Bizirik jarraitzen zuen Osasunak 76. minutuan eman zuen mahaian lehen kolpea: Geldikako jaurtiketa batean David Garcia harrobiko atzelariak baloia buruz errematatu eta sareetara bidali zuen. Hamalau minutu geratzen ziren – hamalau minutu eta ondoren 6 minutu luzatuko zen hondarreko denbora- gol bakar bat sartu eta salbazioa lortzeko. Gol hori lortzeko, baina, gogotik sufritu behar izan zuen Osasunak. Markagailuan aldea murriztu zuenean, partidua berriz ere botatzeko zorian egon zen Osasuna. Baina, beste behin, Asier Riesgok baloi ukitu eta zutoinean jo ondoren baloiak ez zuen sareetarako bidea hartu. Hondarreko minutuetan sartzen iritsi zen eromenaren eola, Javier Flaño noaindarraren eskutik. 200 bat zalek zelaira salto egin eta tentsio momentuak algararekin tartekatu ziren. Azken bost minutuetan Sabadellen erdiraketa batek gutxigatik ez zuen zapuztu Osasunaren ametsa.
15/16ko Osasuna
“Helburua” bete eta gero Osasunako zuzendaritza 15/16 denboraldiko Osasunari forma ematen hasi zaio. Errealitatetik gertuago dagoen Osasuna bat izango da datorren denboraldian ikusiko dena, egoera ekonomikoaren araberako Osasuna bat Luis Sabalza presidentearen esanetan. Hurrengo denboraldiko planifikazioa, baina, ez da bide onetik hasi. Jokalariek gaur bertan jakin duten urrira arte ezin izango dutela kobratu aurtengo denboralditik zor zaien diru kantitatearen azken zatia. Bi milioi euroko ordainketa geratzen zaio Osasunari, eta zigorrik jaso nahi ez badu AFE-rekin negoziatu beharko du ordainketa hori atzeratzeko. Urrian jaitsierako konpentsazio funtsetik kobratzeke dauzkan lau milioi euroekin ordaindu nahi ditu Osasunak jokalarien soldatak. Egoera errepikakor honen aurrean – aurreko denboraldian ere gertatu baitzen- salaketa bat jartzeko ideia ere zabaltzen ari da jokalarien artean. Ordainketen atzerapenekin aski izan gabe, datorren denboraldiko jokalarientzako soldaten aurrekontuaren murrizketa plan bideragarri bat ere aztertzen ari da Osasunaren zuzendaritza. Bost milioi euroko aurrekontutik hiru milioikoa izatera pasako da aurrekontu gorritxoa.
Kirol arloan ere gauzak ez daude batere garbi. Zaleen gehiengoak Enrike Martin Monrealek jarraitzea nahi badu ere, Luis Sabalza eta Pedja Vasiljevic badirudi ez direla iritzi berekoak. Taxoareko zuzendari izateko kargua eskieni zaio entrenatzaile nafarrari, baina honek kargua errefusatu du. Martin Monrealek lehenengo entrenatzaile modura jarraitu nahi du. Osasunako lehen entrenatzaile modura jarraitu nahi du eta bere postua mantenduko ez balu, Iruñeatik kanpo beste talde bat bilatuko du. Aste honetan zehar bilduko dira bi aldeak, Zuzendaritza eta Martin Monreal, etorkizunari begira erabakiak hartu ahal izateko. Zuzendaritzak beste entrenatzaile batzuekin kontaktuak gezurtatu baditu ere, izenak agertzen hasi dira: Anquela, Lotina, Bordalas, Sandoval, Setien…
Taldeari dagokionez, datorren denboraldirako beste Osasuna bat espero da. Javier Flaño, Nino, Mikel Merino, Roberto Santamaria, Loties, Unai Garcia eta David Garcia kontratua dute eta taldean jarraitzea espero du zuzendaritzak. Roberto Torres, Asier Riesgo, Miguel Flaño, Nekounam, Ansarifard eta Belgikatik bueltan den Silvak kontratua izan arren, klubak merkatuan jarri ditu.
Sisi, Oier eta Vujadinovic-en egoera bestelakoa da. Kontratua amaitu ondoren, taldeak kontratu berri bat eskaini die hiruei. Oierrek badirudi kapitainaren eginkizuna eta aginte makila hartuko dituela. Sisik Osasunaren zaleen miresmena lortu du baina ez da guztiz ziurra taldean jarraituko duena. Zaleen jokalari kuttuna bihurtu den Nikola Vujadinovic-i ere kontratu berria eskaini dio zuzendaritzak, eta zaleak deseatzen daude baiezkoa eman dezan.
Kontratua amaitu duten eta berritzeko aukerarik izan ez duten artean hiru jokalari daude: Harrobiko Ezkieta atezaina, Bartzelonarekin aurre-kontratua sinatua duena. Beste bi jokalariak Echaide eta Raoul Loe dira. Hervias, Cedrick eta Cadamuro euren jatorrizko taldeetara itzuliko dira.
Nolakoa izango ote da 15/16ko Osasuna?
Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)