Osasuna hondoratu egin da Montilivin

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2015ko mai. 3a, 21:00

Girona 3-0 Osasuna | Bolada positibo berria ezin izan du martxan jarri Osasunak

[Kronika Taxoareko Hitzan]

Partidu negargarri batean Osasunak hiru eta huts galdu du Bigarren mailako bigarren postuari sendo eusten dion Girona taldea lehiakorraren aurka. Neurketari erabat galduta ekin dio Osasunak, neurketako lehen jokaldian Gironako taldeak ia gola sartzea lortu duelarik. Hamargarren minutuan, ordea, Gironaren nagusitasuna lehenengo golean bilakatu da. Gironak markagailuan aldea handitzeko aukera izan duen arren, ez du beste golik sartzea. Lehenengo zatiko azken minutuetan Osasuna erosoago sentitu arren nekez sortu du arriskurik. Bigarren zatian Gironak kontraerasoan jokatu eta 60. minutua betetzear zela Matak -arratsaldeko bigarren gola zen beretzat- bikain asmatu du Riesgo gainditzen. Gironak min handia egiten jarraitu du eta geldikako jokaldi baten aldaratzean hirugarrena eskuratu du. Gironak Osasunari baloiaren jabetza utzi arren, aukera garbirik sortzeko ezgai sentitu da Iruñeako taldea.

Albaceteren aurka, kostata izan bazen ere, garaipena eskuratu zuen Osasunak. Garaipenaz gain, errefortzu moral eta animiko bikaina bilakatu zen Osasunaren mundua osatzen duten guztientzat. Kinka larrian zegoen Mateok arnasa hartu ahal izan zuen partidua amaitu eta gero. Oierrek Osasuna neurketako minutuan aurreratu bazuen ere, Loek 80.minutuan sartutako golari esker lortu zuen Mateoren taldeak garaipena. Albacetek  bigarren zatiko lehen minutuetan berdindu ostean, zale gorritxoek gogotik sufritu behar izan zuten. Etxean lortutako puntu horiei jarraipena ematea behar beharrezkoa zitzaion Osasunari, garaipena lortu bazuen ere jaitsiera postuetan segitzen zuelako. Denboraldi osoan falta izan zaion jarraipen hori eskuratzeko helburuarekin iristen ziren gorritxoak Kataluniara.

Lehenengo zatiaren hasiera kritikoa izan da Iruñeako taldearentzat. Taldea tentsiorik gabe eta  neurketako erritmora egokitu ezinean aritu da lehen minutuetan. Lehenengo minutua bete gabe zegoela Gironak lehenengo gola sartzeko lehen abagune garbia izan dute: Coris hegaleko atzelariak bere zelaian baloia hartu eta aurrera egin du. Osasunako hiru jokalari gainditu ondoren – falta taktikoa ez zuen egin Mateoren taldeak- area handira iritsi aurretik baloia hegalera pasatu eta han agertu zen bakar bakarrik zela Granell erdilaria. Gironako jokalariak, ordea, dena alde zuela Riesgo gainditzeko baloia kanpora bidali du. Odolustea hastear zen soilik.

Gironak erritmo bikaina erakusteaz gain, baloia bikain mugitu eta bere hegaleko jokalari azkarrei bidaltzen zien. Hegaletik etorri da Gironaren jokaldi arriskutsuenetako bat: Cifuentesek area barruraino eraman du baloia – Gironako hiru jokalari Osasunako Riesgo eta David Garciaren aurka- eta errematatu beharrean pasea egiten saiatu da. David Garciak zertxobait baloia urrundu arren, Mataren hanketara iritsi da. Gironako jokalari aurreratuenaren jaurtiketa, baina, azken jardunaldietan kritika handiak jaso dituen Riesgok urrundu du.  Sare sozialetan Osasunaren intentsitateri bidalitako kritikak nagusi izan diren bitartean, Richyk Girona aurreratzeko aukera galdu zuen. Txarrena etortzeke zegoen. Hamargarren minutua beteta zela Granell area barrura sartu erdiraketa raso bat egin eta hor agertu da Mata aurrelaria, defentsa eta Riesgori aurrea hartu eta etxekoen lehen gola eskuratuz. Girona eroso baino gehiago zegoen, jokoa berak nahi zuen bezala kudeatuz. Lehenengo ordu laurdena pasata hasi da talde gorritxoa esnatzen. Hogeitaseigarren minutuan, Ninok lehenengo zatiko aukera argiena izan du, baina bere burukadari Becerrak erantzun paregabe eman dio. Berdinketa eskuratzetik ia Gironaren bigarren golera pasatu da, Richyk are barruan bakarrik zela baloia zerura bidali duenean. Lehenengo zatia eroso amaitu zuen Osasunak, nahiz eta baloi jabetza ez da nahikoa izan aukerak sortzeko.

Bigarren zatiaren hasierako minutuek ez dute jaberik izan. Gironako eta Osasunako erasoko jokaldiak tartekatzen ziren, areatan arrisku handirik sortu gabe. Javier Flañoren jaurtiketa desbideratu bat eta Sisiren beste aukera bat izan dira lehen minutu haietan talde gorritxoak izan dituen aukera nagusiak. Partidua hirurogeigarren minutuan amaitu da. Javer Flañok baloi erraz bat galdu eta Cifuentesen pase dotore batek Mata arratsaldeko goleatzailea Riesgoren aurrean bakarrik utzi du. Baselina eta Gironako taldearen bigarren gola Montilivin. Gironak baloiaren jabetza Osasunari utzi dio, jokoa antolatzeko erantzukizuna har zezan. Bitartean, bosteko defentsarekin jokatzen duen Machinen taldea atzean itxi eta kontraerasoa baliatzen saiatu da. Baloiaren jabetza antzua zuen Osasunak, eta Gironaren kontraerasoak oso arriskutsuak izaten ari ziren.

Espero zitekeen moduan, Gironak hirugarrena egin du Lejeun atzelarik geldikako jokaldi baten Riesgoren aldaratzea aprobetxatu eta gero. Neurketak jada interesik izan ez arren, Osasuna markagailua apaintzen saiatu da. Osasunaren neurketako abagunerik garbiena 77.minutuan izan du David Garciak, baina bere erremateak zutoinean jo du. Partiduaren azken minutuetan Girona laugarrena egiteko zorian ere egon da.

Erabateko hondamendia. Lehen zatiko azken 20 minutuak kenduta salba daitekeen ezer ere ez. Albaceteren aurka hamabi jardunaldi luzatu zen bolada ezkorrarekin amaitu ostean, bolada positibo berri bati ekiteko aukera zuen Mateoren taldeak. Gogo eta ideia hori, zaleen atsekaberako, Osasunak ez du berdegunean inondik inora ere erakutsi. Mateo aulkian denetik jokoaren mailak gora egin badu ere, Urbanen erregistro baino txarragoak ditu entrenatzaile nafarrak. Porrot honen ostean Bigarren B mailarako jaitsiera postuetan segituko dute iruindarrek, zulotik kanpo daudenekin alde handitu daitekeelarik. Denboraldi amaiera honetan gogor lehiatu beharko du Osasunak mailari eutsi nahi badio.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerategi)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!