Taldea etenik ez duen gainbehera batean dago murgildurik, hamabi partida garaipena ezagutu gabe daramatzalarik. Irabazi gabeko neurketa horietan azkena atzo Ponferradinaren aurka jokatu eta galdutakoa izan zen. Azken neurketetan gertatu bezala, atzokoan ere ez zen aurkaria baino gutxiago izan. Are gehiago, partidako fase batzuetan gorritxoek bere zelaian sartu zuten etxeko taldea. Aitzitik, punturen bat etxera eramateko sobera meritu egin arren, berriz ere esku hutsik bueltatu behar izan ziren Iruñea aldera.
Azken aldian erakutsitako dinamika honek gaurko egunean talde iruindarra Bigarren Mailako talderik hauskorrenetarikoa (edo, akaso, hauskorrena) dela agerian uzten du. Aurkariek golak aise sartzen dizkiote, eta gorritxoek, behin eta berriz saiatu arren, ez dute baloia sareetara bidaltzen asmatzen. Betidanik sendoa eta irabazten zaila izan den talde bati orain zeinen erraz irabaz dakioken ikustea mingarria, oso mingarria egiten zaio zaletuari. Aurkariek, ostera, egoera aprobetxatu, eta jardunaldiro odolustu egiten dute Osasuna. Eta atzokoan, Ponferradinak ez zuen salbuespen izan nahi izan. Hasiera hasieratik argi eta garbi izan zuen zein zen erabili beharreko formula: defentsan arrakalarik gabe aritu, eta erasoa kontraeraso azkarren bidez gauzatu.
Nafarrek, beren aldetik, uste zena baino oldarkortasun gutxiagorekin ekin zioten partidari, eta baloia ukitu eta ukitu ibili ziren, baloi jabetzarekin neurketa irabazteko aski izango zenaren asmoarekin-edo. Lehenengo ordu laurdena nabarmentzea merezi duen gertakaririk gabe igaro zen: Osasuna baloia zelai erdian mugitu eta mugitu, eta Ponferradina presarik gabe, momentua iritsiko zenaz jakitun. Etxekoak ez zebiltzan oker, hortik gutxira talde iruindarraren defentsa ezustean harrapatu, eta markagailuan bat eta hutsekoa jarri baitzuten. Euren lehenengo gol abagunea eta partida osoan atera eginiko jaurtiketa bakarra izan zen, eta horrekin aski izan zitzaien neurketa irabazteko. Denboraldian zehar behin eta berriz errepikatu den “deja vu” bat zale gorritxoentzat.
Gola jaso zutenetik atsedenaldira bitartean Osasunak hotz, kemen arrastorik gabe jarraitu zuen. Lehen zailtasun egoerek jokalari gorritxoak biziki kitzikatzen zituzten; orain, baina, antzina euren bertute nagusietako bat izaniko erreakzionatzeko gaitasunaren arrastorik ere ez zaie somatzen. Hor dago talde honen hauskortasunaren funtsa: min errazegi egiten zaio, eta behin markagailuan atzetik jarrita hondoratu egiten da. Gauzak horrela, lehenengo zatian izaniko gol abagune bakarrak (egoera normal batean ez lirateke gol abagune ere kontsideratuko) Sisiren oinetatik etorri ziren. Azkenaldian Albacetekoa da arima eta animorik gabeko artalde batean gogotsu saiatzen den jokalari bakarra, eta atzo ere gauza bera gertatu zen. Bera izan zen, porrotak ekarriko zituen ondorioez jakitun edo, markagailuari buelta ematen saiatzeko korrika egiteari utzi ez zion jokalari bakarra.
Egoera horretan, bigarren zatian gauzak zertxobait aldatu zirela esan daiteke. Taldea erosokorrago ibili zen, eta oraingo honetan gol abaguneak garbiagoak izan ziren. Lehenengo aukerak atzokoan ere desagertu samar ibili zen Roberto Torresek izan zituen. Horietako lehenengoan Arrekoak falta jaurtiketa bat maisuki atera zuen, baina baloia doi-doi kanpora irten zen. Ondoren, Ninok bakar bakarrik utzi zuen area barruan, baina kontrolean huts egin eta baloia atezainaren eskuetara iritsi zen. Abagunerik garbiena, baina, Ninok berak izan zuen. Aldaratzen baten ostean ate aurrean bakar bakarrik gelditu zen aurrelari tipia, baina, dena alde zeukala, jaurtiketa oso ahula irten zitzaion. Hori izan zen Osasunak partida berdintzeko izan zuen azken aukera garbia. Hortik aurrera Ponferradina atze atzean sartu, eta markagailuari eusten saiatu zen; baita lortu ere. Mateok, taldea freskatze aldera, Olavide eta Kodro sartu zituen, baina esan beharrekoak jadanik esanda zeunden. Gehiago merezi bai, baina azkenean punturik gabe bueltatu zen Osasuna.
Horrenbestez, otsailaren hasieran hasitako bolada txarrak aurrera darrai. Jada 12 partida daramatza jarraian garaipena ezagutu gabe, 36 puntu posibletatik soilik 3 lortu dituelarik. Zenbaki negargarriak, talde nafarra jaitsiera postuetara eraman dutenak. Izan ere, Racingek atzo etxean jokatutako partida irabazi eta sailkapenean aurrea hartu dio, Osasuna 19. postua utziz. Beraz, orain bai, talde nafarra bere desagerpena suposatuko lukeen jaitsieraren ertzean dago. Final izaera hartu duten 8 partida geratzen zaizkie gorritxoei kategoria mantendu eta taldearen biziraupena bermatzeko. Orain arte ez dira erreakzionatzeko gai izan, eta dinamika braustakoan irauli ezean, nafarron taldeak ez dauka etorkizunik. Horixe da Osasunaren errealitate gordina.