[Partidaren analisia Taxoareko Hitzan]
Polemikak markatutako neurketa batean, Osasunak puntu bat ateratzea lortu zuen Soriako Numantzia taldearen aurka atzo arratsaldean Sadar futbol zelaian. Gogotik egin behar izan zuen Osasunak lan atzo norgehiagokatik zerbait positiboa atera ahal izateko. Izan ere, Cedrickek hamaseigarren minutuan bigarren txartel hori injustua ikusi eta aldageletarako bidea hartu behar izan zuen taldea hamar jokalarirekin utziz. Cedrick kanporatua izan zenetik aurrera Osasunak, jokalari bat gutxiagorekin, neurketa kontrola lortu zuen. Egozte injustuak sortutako amorrazioak gidatu zuen Osasuna, Cedrick kanporatua izan arte gorritxoak gaizki ibili baitziren. Iruindarrak zelaian nagusi baziren ere, Numantziak bere aukera ondo aprobetxatu zituen eta partidua lehen zatiko azken minutuetan sartzear zela Vicentek Anquelaren taldea aurretik arri zuen markagailuan. Ordea, bigarren zatia hasi eta berehala Osasunak Ninoren bitartez banakoa ezarri zuen markagailuan. Markagailuari buelta ematen saiatu arren, taldeari nekea nabaritu zitzaion azken minutuetan.
Zirt edo zart egiteko momentua zen talde gorritxoarentzat. Hamar jardunaldi garaipena ikusi gabe eta jaitsiera postuetan. Bigarren B mailara jaisteko lehian dauden beste taldeei dagokienez, Racing eta Sabadellek garaipena lortu zuten bitartean, Errekreatibok eta Bartzelona B-k porrota jasan zuten. Egoera horretan, garaipena lortu edo berdinketa batekin Osasuna postu horietatik atera eta Errekreatibok beteko luke postu hori. Garaipen hori lortzeko Betisen aurka jokatutako lehen zatiko erreferentzia baliatu nahi zuen Mateoren taldeak; jokoaren kontrola izan eta erasoko jokaldi arriskutsuak sortzeko gai den talde sendoa. Numantziak, sailkapeneko zonalde lasaian kokatuta, garaipena beharrezkoa zuen lehenengo mailara igotzeko aukera ematen duten play-off-eko tren horretan sartzeko. Neurketa, baina, Cedrick jokalari gorritxoaren egozte injustuak markatu zuen erabat.
Lehenengo minutetan Osasunak ez zuen aurpegi ona erakutsi. Taldeari erritmoa hartzea kostatzen zitzaion eta Numantziak baloiaren jabetza luzeak izaten saiatzen zen. Neurketan sartu ezinda eta puntuen premiak gogor itotzen duelarik, partidua berotu egin zen. Cedrick-ek lehenengo txartel horia ikusi zuen neurketako bigarren minutuan, epaileari protesta egin eta txaloak zuzentzeagatik. Txartel hori justua. Partidua hamaseigarren minutuan aldatu zen: Cedrickek baloia eskuratu eta area barrura sartzeko ahalegina egin eta lurrera erori zen. Lurrera erori bezain pronto altxatu eta jolasten jarraitu zuen. Epaileak, ordea, bere burua lurrera bota zuela ikusi eta bigarren txartel horia erakutsi zion. Kongotarrak ez zuen faltarik eskatu jokaldi hartan, baina epaileak engainatzen saiatu zela pentsatu eta Kongotar txikiak aldageletarako bidea hartu behar izan zuen.
Hamar jokalarirekin askoz ere hobeto aritu zen Osasuna. Amorrazio horren gidaritzapean, taldeak baloiaren jabetza eskuratu eta Nino-Sisi bikotearen bitartez lanak eman zizkion Anquelaren atzealdeko lerroari. Ordurako, Osasunak lehen abisua eman zion Munir atezainari: Loties area barruan sartu zen baina erdiraketan huts egin eta Ninok ezin izan zuen errematera iritsi. Roberto Torresek jaurtitako estrategia jokaldietan bereziki arriskutsua izan zen Mateoren taldea. Loties, Vujadinovic eta Loe saiatu ziren jokaldi horietan baina ez zuten saririk lortu. Lehenengo zatiko aukera garbienetakoa Javad Nekounam irandarrak izan zuen. Area barruan baloia aurkitu zuen baina gaizki errematatu ondoren baloia kanpora joan zen gola sartzeko egoera ezinhobean zegoenean. Osasunak bere horretan jarraitu zuen eta Loek gola eskuratu zuen burukada baten bitartez. Epaileak, baina, jokaldia ez zuen onzat eman Vujadinovic jokoz kanpo zegoela argudiatuta. Zaleak eta jokalarien amorrazio mailak gora egin zuen eta Osasunak neurketatik alde egin zuen. Momentu hori bikain baliatu zuen Anquelaren Numantziak, eta 40. minutuan huts eta batekoa ezarri zuen Vicentek.
Bigarren zatia lehenengoaren monologo bat izan zen. Osasuna jaun eta jabe eta Numantzia baloiaren jabetza luzeak egiten saiatzen, neurketa lokartzeko asmoz. 49. minutuan Osasunak hainbeste espero zuen gola iritsi zen: Sisi eta Ninoren jokaldi batean, Valladolideko jokalari ohiak erdiraketa bikaina eta Ninok area barruan zela baloia boleaz errematatu eta sarera bidali zuen. Gol horrek taldea animikoki indartu zuen, izan ere, Osasunaren azken bi golak penalti puntutik lortutakoak baitziren. Ninok bere gol lehortearekin amaitu eta lanerako trajea jantzi zuen. Berdinketak Osasuna jaitsiera postuetatik aterako luke, baina taldea eta zaleak ez zeuden konforme puntu eskas batekin. Sisiren gidaritzapean, beste behin bikain ibili zen aurrelariaren atzetik, taldea asko hurbildu zen Munir atezainaren inguruetara. Inguratu bai, baina golik sartzea ez zuen lortu.
Indarrik gabeko azken minutuak
Gogotik lan egin ostean Osasuna gasolinarik gabe geratu zen. Neurketa azken minutetan sartu zenean taldeak logikoa zen beherakada fisikoa nabaritu zuen. Taldeari kosta egiten zitzaion ondo kokatuta zegoen Numantziari min egitea, eta erasoko jokaldiak gero eta urriagoak ziren. Mateo saiatu zen tonika hori aldaketen bitartez lortzen, baina zelairatu zituen Jose Garcia, Kodro eta Merinok ezer gutxi egin ahal izan zuten.
Partidua luzeegi egin zitzaion Osasunari eta Numantziak aukera hori baliatu nahi izan zuen. Baloiaren berreskuratu eta jabetza luzeak bueltatu ziren Sadarrera. Patxadaz jokatu zuten Anquelarenek, Osasunak utziko zituen zirrikituak aurkitu arte baloia alde batetik bestera mugituz. Aukera arriskutsu bakarra sortu zuen azken minutuetan Numantziak, baina Riesgok ondo desbideratu zuen Vicenteren jaurtiketa. Luzapenean Vujadinovic-en burukada ezerezean geratu zen.
Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)