AURRERAPEN EGOKIA
Bigarren zatian gutxixeago agertu zen arren, lehenengo zati ederra jokatu zuen Mikel Merinok. Atzokoan Raoul Loeren aurretik aritu zen, eta berriz ere baloia mugitzeko daukan abildadea agerian utzi zuen. Orpoarekin pase eder bat eman zion Ninori, baina honek ez zuen ate aurrean asmatu. Batzuetan urduriegi ikusten zaio, eta askotan sarrera arriskutsuegiak egiten ditu. Edonola ere, horiek esperientziarekin batera desagertzen joaten diren akatsak dira. Merinorekin, Osasunak etorkizun oso oparoko jokalari bat dauka.
HOBETU BEHARRA
Partida oso kaskarra burutu zuen Kenan Kodrok. Ezker hegalean kokatu zuen Mateok, baina honek ezin izan zion entrenatzaileak emaniko konfidantzari erantzun. Erasoko jokoan eragin oso gutxi izan zuen. Ukitu zituen baloi gehienak galdu egin zituen. Hortaz landa, defentsako lana egin behar izan zuenean asko kosta zitzaion jaistea. Aurrelariaren atzetik jokatzen duenean erosoago sentitzen da, baina Urbanek oso gutxitan jarri zuen leku horretan, eta Mateok ere, momentuz behintzat, nahiago du beste posizio batzuetan kokatzea.