Garaipena ezin lotu

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2015ko mar. 14a, 23:55

Osasuna-Alcorcon 1-1  Neurketa ona jokatu ostean Osasunak bana berdindu du Alcorconekin Sadar futbol zelaian. Bost porrot jarraian sufritu ondoren, puntu bat patrikaratzea lortu du talde iruindarrak.

Puntuak, ordea, zapore txarra utzi die norgehiagoka ikusi duten zale gorritxoei. Osasuna nagusi izan da neurketaren fase gehienetan. Alcorcon bigarren zatiaren hasieran zertxobait esnatu da, David Rodriguezek banakoa ezartzeko aukera paregabea huts egin duelarik. Etxekoen gola Roberto Torresek eskuratu du (24.min), Merinori egindako penaltia sartu eta gero. Neurketa amaitzeko sei minutu falta zirela Guichonek banakoa egin du.

Neurketa garrantzitsua zela igartzen zen. Bost porrot pairatu ostean, iparra berreskuratu eta etxean hiru puntuak ezinbestekoak ziren kreditua berreskuratu nahi zuten Mateoren mutilentzat. Beste behin, astea partidu adosteen berrien bonbardaketa artean prestatu behar izan du aulkian bigarrengoz eseri den Mateo entrenatzaileak. Ostiralean jakin zenez, Otamendi epaileak Patxi Puñal Osasunako ikur eta kapitain ohia inputatu zuen “Osasuna auzia” delakoagatik. Inputazio edo egozte horiek min egin dioten Osasunaren zalego eta lehen taldeko jokalariei.

Mateoren lanaren aztarna sumatu da azken aldian burua altxa ezinda zebilen taldearengan. Osasuna irmo eta sendotasunez atera da zelaira, hasieratik partidua bere alde jartzeko asmotan. Baloia mugitzen saiatu da batik bat Merino, erasoko jokoa sortuz. Merinok lehenengo zatian ondo aritu den Roberto Torresen laguntza izan du eraso jokaldietarako, Nino jokoan tarteka sartu den bitartean. Bestalde, Raoul Loe neurketaren erritmoa harrapatu ezinean ibili da lehen zati osoan.

Aukera garbi handirik gabekoa izan da lehen zatia 24. minutua iritsi den arte: Merinok baloia area txikiaren barruan berreskuratu eta Alcorconeko defentsa batek zangotrabatu du. Roberto Torresek hartu du penaltia jaurtitzeko erantzukizuna, markagailuan Osasuna aurreratuz. Ordura arte abagune bakarra Vujadinovicen burukada on bat izan da. Ninok ere beste aukera bat izan du lehenengo zatian, baina Jimenez atezainak ondo erantzun dio zazpi zenbakia soinean daraman Osasunako jokalariaren jaurtiketari. Alcorconi dagokionez, ezer gutxi erakutsi du lehenengo zatian.

Bigarren zatiaren hasiera, ordea, guztiz bestelakoa izan da. Osasuna ez da zelaian lehenengo 45 minutuetan bezain eroso sentitu eta baloiaren jabetza galtzen hasteaz gain, erasoko jokaldietan ere argia itzali zaio. Madrilgo taldeak aurrera pausu bat eman eta partidua berdintzeko zorian egon da: 57. minutua zela, Alcorconek eraso jokaldi aparta antolatu du. David Rodriguez aurrelariari iritsi zaio area barruan baloia, baina bakarrik zela eta Riesgo erabat gaindituta zegoenean kanpotarren erreferentzia nagusiak baloia kanpora bidali du. Sustoa gorputzean sartu eta gero, Osasuna erosoago sentitzen hasi da. Baloiaren jabetza berreskuratu eta jokatzeari ekin nahi izan dio. Mateok bigarren aldaketa 67. minutuan egin du; Jose Garcia zelaira eta Berenguer aulkira.

Lehenengo aldaketa bigarren zatia hasi baino lehen egin du, Santamariak – sabeleko ondoeza zela eta- Riesgori lekua utzi dionean. Josek izan du partidua erabat Osasunaren alde jartzeko aukera(75. minutua zen) , baina, Jimenez aurrean bakarrik gelditu ondoren huts egin du. Partidua aldatu egin da huts horren ostean eta Osasunari neurketa ez irabazteko beldurra sartu zaio. Guichonek eman dio berdinketa Alcorcon taldeari, zutoinean eman duen jaurtiketa baten aldaratzea aprobetxatu ondoren. Makal, oso makal, ibili da ordu arte partidu serioa egiten ari zen Osasunaren atzeko lerroa. Partiduari geratu zaizkion hamar minutuetan ( epaileak hondarreko 4 minutu ezarri ditu) ez  batak ez besteak ez du irabazteko aukerarik izan.

Bost partidu jarraian golik egin eta punturik lortu gabe egon ostean, Osasunak gol bat egin eta puntu bat patrikaratu du.  Taldeak irudi ona eman badu ere garaipenak ihes egin dio azken minutuetan. Bi puntu galdu ostean zapore txarrarekin ekingo diote Mateorenek hain garrantzitsua den asteazkeneko Alavesen aurkako partidua prestatzeari. Iparra berreskuratzeko bidean jarri da talde gorritxoa, baina, irudi onak gutxi balio du punturik eskuratzen ez bada.

Fitxa teknikoa:

Osasuna: Santamaria (45.min Riesgo), Sisi, Vujadinovic, David Garcia, Javier Flaño, Raoul Loe, Merino, Roberto Torres (85.min Cedrick), Alex Berenguer(67.min Jose Garcia) , Kenan Kodro eta Nino.

Alcorcon: Jimenez, Djene, Hector verdes, Rodriguez, Bellvis, Fausto, A. Martinez( 62. Mayor), Escassi (59.min Sergio Mora), Oscar Plano (76.min Pastrana), Guichon eta David Rodriguez.

Golak: 1-0, 24.min: Roberto Torres. 1-1, 84.min: Guichon.

Epailea: David Medie Jimenez. Txartel horia erakutsi die Osasunako Raoul Loe, Jose Garcia eta Vujadinovic-i. Txartel horia erakutsi die Alcorconeko  Escassi, Guichon, Verdes, Antonio Martinez eta Txema Rodriguez-i.

Informazio gehiago http://taxoarekohitza.wordpress.com -en

Iñaki Berastegi (@IBerastegi)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!