D Ereduari so

Erabiltzailearen aurpegia Maria Solana 2016ko ots. 16a, 08:26

Aurrematrikulazioa zabaldu da gaur Nafarroan eta lehenengoz Nafarroako eskualde zabal eta jendetsuenean euskarazko D Hezkuntza Eredua aukeratzeko aukera izenen dute bertan bizi diren Nafarrek.
Duela urte bete, oraindik ere UPNren gobernu pean, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak hala erabakita, Euskararen Legearen aldaketa onartu zen, soil soilik Hezkuntzari dagokionez, izan ere, Administrazioari dagozkion gainontzeko arlotan eraginik ez duen aldaketa baita.
Programa Akordioan aurreikusitakoaren arabera, Euskararen Lege berririk egiteko adostasunik ez zegoenez, 2003ko dekretua bertan behera uztea erabaki zen eta ahal den neurrian, egun Legeak ematen duen tartea aprobetxatu eta Hizkuntza politika askoz ere proaktiboagoa bultzatzeko konpromisoa hartu zen. Horretan omen dabil Euskarabidea. Datorren astean Arregi jaunak, Euskarabideko Zuzendariak zehazki egiten ari direnaren berri emanen du Parlamentuan.
Bitartean, zabaldu da aurre-matrikulazioa, eta orain ikusiko dugu eskaera nolakoa den. Penatua nago, izan ere, ez baita landu testuingurua behar bezala aurretik eskualde horretan, eta ez baita, nire aburuz, behar bezalako kanpainarik egin. Oso kritikatua izan da Hezkuntza departamentuak egin duten aurre-matrikula kanpaina, batzuren aburuz gehiegi promozionatu delako D Eredua eta beste batzuren esanetan, gutxiegi sustatu delako.
Hortaz, nonbait zalantzak denetan sortu ditu kanpainak. Uste dut honelako aldaketa baten aurrean pedagogia lana egin beharra dagoela, aldez aurretik, eta ingurua landu. Ez gabiltza garaiz, eta akaso hori egin ez izanak eragina izanen du eskaeran.
Eskualde ez euskalduneko ikastolek ere erakutsi dute euren kezka, eta kezka horrek bestelako kezkak eragin ditu indar politiko zenbaiten baitan. Beraz, agerikoa denez, aurre-matrikulazio kanpaina mugitua izanen dugu, non euskara beste behin izanen den erasotua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!