Elur urte, gari urte izaten dela dio esaera zaharrak. Elur urtea, uzta oparoko urtea, omen. Ikusteke dago. Momentuz ikusi dudan bakarra da hemen (hiriburutik ari naiz), behin elurra bota eta kolapsatu egiten garela.
San Frantzisko eskolara sartzeko biderik ez du inork zabaldu eta plaza hura gurutzatu eta Deskalzos kaleko haur eskolara iriztea odisea izan da gaur.
Edonola, heldu gara.
Gehiago kezkatzen nau maiatzerako bideak; bidexka nola zabaldu eta daramagun zama helmugaraino nola kargatuko dugun.
Eskerrak mendialdekoak elkartuko zaizkigula, Piriniokoak, pala hartu eta bidea zabaltzeko ohitura handikoak. Erraz izutzen ez diren horietakoak. Bidelagun izanen ditugu ere Ega eta Ebro ingurukoak, ur gainetik ibiltzen Jesukristoren praktika dutenak. Hortxe ere bai Sakanako lagunak, laino azpitik mugitzen maisuak. Eta hortxe baita hiriburukoak, urte osoa elurra noiz botako zain, gure elur-ekipazioa armairutik atera eta erakusteko.
Elur urtea aurtengoa. Ziklogenesi-politikoa pilpilean.
Uzta oparoa bilduko dugula pentsatu beharko dugu, bai. Baina, horretarako ez da nahikoa elurra botatzearekin, horretarako lurra ondua behar dugu eduki eta hazia ereina. Geroa hobea ahalbidetzeko hazia jarria dugu jada. Orain bai.