Ez dakit zenbat urtez biziko naizen oraindik, baina gelditzen zaidan
denbora gelditzen zaidala, ez dut uste etxean ditudan liburu guziak irakurtzeko
astirik izanen dudanik. Eta, halere, bihar zer edo zer erosiko dut liburu azokan.
Euskaraz bada, Karrikirin; eta erdaraz bada, auskalo non.
Gogoan dut haurra nintzelarik arrunt gaizki ikusia zegoela harro agertzea
ikasgai batean –latinean, demagun– ona zinelako; futbolean ona zenari, berriz,
ez zitzaion inolako umiltasunik eskatzen, eta askatasun osoa zuen potolo
betaurrekodun oro mespretxatzeko.
Orain, adinez nagusia naizen honek behin baino gehiagotan kexa
absurdo honekin egin du topo: ez dugu zertan hobeak sentitu irakurtzeagatik,
eta are gutiago liburuak erosteagatik. Harropuzkeria hutsa da liburuen tratua
izateagatik inolako gorentasun sentimendua izatea. Polemika hori ez da bertze
inon pizten. Antza, batzuk kondenatuak gaude beti barkamen eskaka ibiltzera.
Ni, zer nahi duzue erratea, ez naiz inor baino hobea edo inoren gainetik
sentitzen, baina nire bizioa, liburuak erostea eta irakurtzea alegia, lantzen
segitzeko asmoa dut; sinetsia nago gero eta jende gutiagorena dela, eta
harrotasunik ez, baina poz sekretu bat bai ematen dit happy few horietarik
izateak.