Ez dut Kopenhagera bidaiatzeko asmorik, baina, hara joanez gero, hetsia
aurkituko nuke Noma, erran nahi baita munduko jatetxerik hoberena. Antza,
gastronomiaren paradisua langileen infernua ere bazen. Hala diote han lan
egindako batzuek: ohikoa omen zen René Redzepik sukaldean ari zirenak
publikoki umilatzea, bai eta fisikoki erasotzea ere. Tira, nik ez dakit zer gertatu
den jatetxe horren barnean, baina testigantzak aunitz dira, eta deskribatzen
dutena ez da nagusi zorrotza –alegia, goi mailako kalitatea erdiesteko
ezinbertzekoa den zorroztasuna erakusten duen nagusia–, baizik eta tirano
apetatsu eta abusatzailea.
Gaiaz informazioa biltatzen ari nintzela, Ferran Adriàri SER irratian
egindako elkarrizketa luze bat atera zait bidera. Noma aferaz galdeginda,
sukaldari katalanak erantzun du egia bada, tristea dela, sukaldaritza gozatzeko
baita, ez sufritzeko, baina, halere, ez duela ulertzen langileek zer dela-eta
segitzen zuten jatetxean, Redzepik horrela tratatzen bazituen. Oker ez banabil,
galdemodu berbera egin zuten batek baino gehiagok Julio Iglesiasen abusuen
albistea atera zelarik: egia bada bortxatzen zituela, zergatik segitzen zuten
emakumeek etxe hartan?
Zientziaren eremu berri bat hedatu da horrela; dei dieziogun, behin-
behinean bada ere, biktimologia. Eta baditu bere adituak: zenbait kazetarik
–eta, nonbait, sukaldariren batek ere bai– badakite nola jokatuko luketen
biktimak balira, badakite, ondorioz, nola jokatu beharko luketen biktima
guziek, betiere egiazko biktimaren tilutua lortu nahi izatera. Abusatzaileen
motiboek, berriz, ez diete zalantza handirik pizten. Akaso hauek haiek baino
hurbilagoko dituzten seinale.