Lehenago, gustuko izaten nuen jendeak lagun edo ezagunen baten senar
edo mutil-lagunaren portaera desegokien berri ematea. Tira, gustuko agian ez
da hitzik aproposena, zeren, egia aitortzeko, ez bainuen gustuko izaten
portaera desegoki horiek normalean sortzen zuten sufrimendua. Baina kontua
da bat-batean, lagun, senar eta, oro har, gizaki erdipurdikoa naizen hau lagun,
senar eta, oro har, gizaki bikain bihurtzen nintzela bertze lagun, senar eta gizaki
haien aldean. Inguruan gaiztakeria nagusia delarik, espanturik gabe oinarrizko
dezentzia atxikitxeak ia-ia heroi bilakatzen zaitu. Baina hori, bistan dena,
ustezko heroiaz baino gehiago, inguruan dituenaz mintzatzen zaigu, eta ez du
gauza onik erraten preseski.
Arrazoi politikoa dudanetik, alderdi mespretxagarria iduritu zait PSOE.
Aspaldi honetan, ordea, behin baino gehiagotan Espainiako presidenteari txalo
egiteko gogoa izan dut. Horrek are beldur handiagoa eragiten dit, argi ikusten
baitut Sánchez edo PSOE baino gehiago ingurua dela aldatu dena, eta, tarteka
hura heroi bilakatu bada, indarra bertze araurik ezagutzen ez duen mundu
honetan munstroak arruntean nagusitu direlako dela.