Irakasle ari naizenetik, euskal literatura tristea delakoa izan da gehien aditu behar izan ditudan komentarioetarik. Gezurra berdaderoa erantzutekotan egon naiz batzuetan; gero, hamar artio zenbatu eta zera pentsatzen ohi dut: lasai, ez da ezer gertatzen. Baina agian problema da sua falta zaigula eta beldurra diogula ez dakit zeri traizioa –traizio edo bertze edozein saldukeria– egiteari. Umorea duen izenbururik harrapatzea kosta egiten zaidan arren –beti oporretan dago nire burmuina, antza–, euskarazko produkzioa defendatzen saiatzen naiz. Egia da, halere, ezin dela konparatu ingelesezko tradizioarekin: We need to talk about Kevin ari naiz orain irakurtzen, eta horixe galdegiten dut nik, ba, Kevin, non hago?, baina gurean inor ez da gauza diferenteak egitera ausartzen. Edo agian bai, agian ongi bilatzea da kontua. Eta, nolanahi ere, ikasleengandik etorrita, nik uste euskal literatura tristea eta umorerik gabea delako orokorkeria hori barkatzekoa dela. Ez baitute euskal literatura hain ongi ezagutzen –ez dute zertan–. Eta poztekoa da jakitea gaur egun, gauden 2026. urte honetan, euskal literatura ezagutzen duen inor ez litzatekeela ausartuko horrelako adierazpen sinpleak egitera. Ez pribatuan eta, are gutiago, publikoan.