Spidermanen Otto Ben parafraseatuz, hizkuntza minorizatu bateko hiztuna izateak erantzukizun handia dakar berarekin. Ardura horren zama, halere, ez da hiztun guzien artean berdin banatzen. Nire ustez, hizkuntza bera lan-tresna dutenek ardura berezia dute. Baina ez hizkuntzarekiko soilik.
Urtero izaten ditut B2ko edo C1eko tituluaren bila etortzen diren ikasleak, agiriak agian lanpostu bat lortzen lagunduko dielakoan; ikasleak, lana eskuratuz gero hizkuntza ez bertze lan-tresna izanen luketen arren, izerdia botatzen dutenak maila txukun bat erdiesteko borrokan. Langile prekarioak diren ikasleak, batzuetan. Horregatik, astero zera galdegiten diot neure buruari: euskara lan-tresna izanik, ikasle kaskarrenek egiten dituzten akatsak –baita, zenbaitetan, eginen ez lituzketenak ere– egiten dituen idazlea, esaldiak erdaratik euskarara trakets bihurtzen dituen zutabegilea, bere zabarkeria ez dakit zeren aitzakian justifikatzen duen iritzi-emailea, ez al zaie, bere pribilegio posiziotik, aurpegira irri egiten ari euskara maila duin bat –edo oposizio baterako puntu ziztrin bat– lortu nahian jo eta ke ari diren horiei guziei? Galdemodu erretorikoa da, bistan dena.