Sozializatzeko gaitasun eskasa dut; arras ona naiz, berriz, taldeetan bigarren mailan
gelditzen, eta bigarren mailan paratu dudan tokian hirugarren mailan ere trankil aski para
nezake. Baditut, halere, magia egiten duten esaldi batzuk, hala nola “Sabel-dantza dantzatu
nuen Paul Prestonekin” edo “UPNko gizon batekin harreman intimoa izateko zorian egon
nintzen”. Ingurukoen arreta berehala bereganatzen duten esaldiak dira. Are gehiago,
baliteke entzuleren batek jakin nahi izatea zer altxatzen den lerroburu horien gibelean: dei
dezala Euskalerria Irratira eta nire whatsappa emanen diote; badaitort, halere, istorioa
akaso prosaikoagoa izanen dela titularrak iragartzen duena baino.
Nolanahi ere, izenburu ona asmatuta, nork du mailako edukiaren beharrik? Halako
zerbait gertatu zaio Arnaut Oihernati egozten zaion lan historiko labur bati: “Espainolek
egindako Nafarroaren bidegabeko usurpazio eta atxikipenaren azalpen historikoa”. Testua
frantsesez dagoen arren, izenburua espainolez bota zuen irratian aspaldi, harro eta
solemne, sorginkerian aditu batek; eta historialari serio batek idatzia du tituluak dena
erraten duela. Nahiago nuke hala balitz. Eta nahiago nuke gure adituak clickbaitetan hain
goxo laketuko ez balira. Zein den edukia? Aizue, hau minutu bateko manifestua da. Baina
testua eskuragarri dago Interneten. 24 orrialde bertzerik ez.