Sorpresa hartu dut aurten Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean. Ez bakarrik film batzuek beldurretik eta fantasiatik arrunt guti zutelako –hori urteroko kontua izaten da–. Sorpresa ona izan dudala erran nahi dut.
Alberto Vázquezen Decorado filma ikustera joan nintzen egunean, hara non ez genuen Decorado ikusi behar, Dekoratua baizik. Euskarazko bertsioa, alegia. Filma hasi eta bigarren sorpresa: azpititulurik ez. Esperientzia liluragarria izan zen; film eder-ederra iduritu zitzaidan, eta txukun euskaratua: hizkuntzak ez zuen inoiz trabarik egiten; aitzitik, irudiekin bat egiten zuen istorioa xarmanki kontatzeko.
Film ederra baina, aldi berean, izigarri tristea. Mezua –spoiler handirik egin gabe–: ez da gure bizimodu administratu honetarik ihes egiteko biderik. Nik hamar puntu eman nizkion, baina gero ikusi dut publikoak paratutako banaz bertzeko nota 5,6koa dela. Tristea eta, aldi berean, ederra da bertze behin konturatzea zeinen urrun nagoen inguruko mundutik ez bakarrik kontu linguistikoetan, baita kontu estetikoetan ere. Filmari kasu egin beharko diot hondarrean: dekoratuan laketzea da kontua.