Han-hemenka ikusten dudan leloa da: ezin bada dantzarik egin, ez da nire iraultza. AEBn gertatzen ari den iraultzan ere –iraultza baita, gizartea gibelera eramateko egiten ari izanagatik– dantza egin nahi bide dute. Izan ere, luxuzko dantzaleku bat egiteko eraitsiarazi du hango presidenteak Etxe Zuriaren ekialdeko hegala. Bitxiena da AEBko errege ttikiari balentria berria txalotu dioten gehien-gehienek ez dutela sekulan dantzarik eginen horteradaren urrezko kupula horretan, baina eskuinaren merituetarik bat da lortzea jendeak bere interes objektiboen kontra bozka dezan, eta mesederik batere egiten ez dioten erabakiekin poztu dadin.
AEBko sinbolo nazional bat hondatzeko erabakiaren bizkorrak kontraste ederra egiten du hemengo sinbolo faxista batekin zer egin erabakitzeko moteltasunarekin. Franco hil zenez geroztik berrogeita hamar urte igaro behar izan dira, hiri buruzagia itsusten duen Erorien Monumentuarekin nola jokatu deliberatu baino lehen. Adieraberritzeko proiektuak, halere, ez du mundu guzia asetu, baina gaurko zutabean ez gaitu gai horrek arduratzen.
Faxismoa gaitzesteko eta biktimei babesa ematea helburu izanda ere, helburu ona izanda ere alegia, ezkerrak mila oztopori egin behar izan die buru: sasidemokraten sasiargudioei, batetik, eta, bertzetik, milaka ñabardura planteatzen dituzten barne eztabaidei. Ezin bada dantzarik egin, ez da nire iraultza. Baina nonbait ustekabean harrapatu gaitu mundu guzia bulkaka tratatu eta inolako inhibiziorik gabe dantza egiten duen gizontxo nazkagarri horrek pistaren erdira salto egin izanak. Agian hobe izanen zen faxistak gure eskubideak desegiteko erakusten ari diren grinaren erdia erakutsi izan bagenu guk haien herentzia desagerrarazteko.