Dena da, gaur egun, iraganaren oihartzun eta errepikapen, edo etorkizun dugunaren iragarpen. Edo biak batera. Trantsizio tenorean bizi garen seinale naski. Zaila da, konparazio baterako, Charlie Kirken heriotzaren harira Horst Wessel gogora ez ekartzea, naziek martiri bihurtu zuten SAko kidea, 1930ean Berlingo manifestazio batean tiro bat jaso ondotik.
Zenbait lider politiko munduari su eman nahian dabiltzan bitartean, bertze sute batzuez oroitu naiz, urtarrilean Los Angelesen izan ziren sute izigarriez hain zuzen. Beren etxea garretarik salbatzeko eginahaletan, suhiltzaile talde pribatuak kontratatu zituzten orduan zenbait aberatsek.
Sinbolo ederra izan zen. Susmoa baitut klima aldaketaren ondorioz natura arruntean hodatzen dugularik, askatasunaren izenean martxan den pribatizazioaren ondorioz populazioaren zati handi bat osasun sistematik kanpo gelditzen delarik, hezkuntza publikoari baliabide guziak eta oraindik duen prestigio pizar hori ebasten zaizkiolarik, desastrera garamatzaten teknobro milioidunek espero dutela suhiltzaile pribatuak kontratatzen ahalko dituztela, artifizialki sorturiko mikroklima batean biziko direla, mediku pribatuak izanen dituztela ondoan, etxeko morroi.
Dirudunen jendilajea ezagututa, ez da harritzekoa horrelako ametsak izatea. Harriagarriagoa da, ordea, zenbat diren haiekin bat egiteko prest daudenak, zenbatek uste duten beretako ere izanen dela tokitxoren bat aberaskumeen paradisu artifizialetan. Harrigarria da, solas batekin behingoz errateko, zenbat tonto dagoen mundu honetan. Zeren seguru egoten ahal zarete, planeta lehertzear dagoela, ez digutela ihes egiteko espazio-ontzira igatera utziko.