Disgustua hartu dut asteburu honetan: bilatua nuen Otto Rahn-en Der Kreuzzug gegen den Gral (Grialen kontrako gurutzada) liburuaren lehen edizio ez arras garesti bat –tira, arras garestia ez, baina izigarri merkea ere ez, eta horregatik erabaki nuen berehala ez erostea, funtzionarioa naizen arren, ez baitut Karrika Nagusiko prekarioek amesten didaten ahalmen ekonomikoa–, baina dagoeneko saldu dutela ikusi nuen larunbatean.
Rahn ez da bakarrik ezaguna okultismoan zuen interesagatik: SSetako Obersturmführer ere izan zen tipoa –ez naiz kargu militarretan aditua, baina lotinantaren mailakoa omen zen titulu hura–, nahiz eta istorioak ez zuen akabera zoriontsurik izan.
Bertze liburu bat: apirilaren 23ko liburu azokan, Rafael García Serrano Iruñeko idazle falangistaren nobela bat erosi nuen, bigarren eskukoa, eta Jaime del Burgoren batek ere tentatu ninduen. Zerrenda aise luzatzen ahalko nuke.
Motibo bat izan dut liburu horietako bakoitza erosteko, eta motibo hori behin ere ez da izan egileen nazionalismo bortitzak erakartzen ninduenik. Izan ere, ez nituzke nire kuadrillan nahi –baldin eta kuadrillarik banu–, eta ez nuke haiekin whatsapp talderik sortuko. Naziak edo falangistak edo frankistak izanagatik interesatu naute, ez naziak edo falangistak edo frankistak izateagatik. Are gehiago, norbaitek pentsatuko balu muturreko ideologia konpartitzea dela egile horiek guziak irakurtzeko zio bakarra, agian irudimen falta litzateke esku artean dugun egiazko problema.
Nik ez dakit obra eta egilea bereizi behar ote diren. Haatik, fana eta irakurlea bai bereiziko nituzke. Irakurleak badaki halako distantzia bat atxikitzen; fana, berriz, fana izatearen tenorea akitzen delarik, mea culpaka hasten da maiz, eta hori arras astuna da. Erretzaile ohiekin ere badugu esperientzia.