Liburuaren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Joan zaigu apirila, joan zaigu aste saindua eta joan zaigu liburuaren eguna. Aurten ere hiri buruzagian gelditu naiz, aurten ere ez dut Sant Jordi eguna Katalunian pasatzeko ametsa bete. Pena da. Bartzelonako karriketan ibili izan banintz, segur aski Pilar Raholaren nobela historikoa ikusiko nukeen liburu postuetan: Cornelius, l’almogàver du izena; Borja Bagunyà kritikariak, berriz, “Cornelius, klixearen printzea” deitu dio egin dion kritika luze, arrazoitu eta aski gupidagabean. Eta, bidenabarkoan, gogoeta argigarria egin du bestsellerrak merkatu literarioan hartzen ari diren tokiari buruz.
 Baina, erran bezala, aurten ere ez naiz Kataluniara joan, eta, ondorioz, ez dut Raholaren eleberria ikusteko paradarik izan. Horren ordez, metropoli foraleko liburu azokatxora joan nintzen –edo, orain erraten den bezala, hurbildu nintzen–, eta hango postuetan zera ikusi nuen, Paloma San Basiliok Baztanen girotu duen nobela, edo, tira, beharbada Baztanen girotu dioten nobela. Irudimenaren eginahal izigarriz, Uxoa paratu dio izena Palomak bere totxoari –promes egiten dut nire memoriei ez diedala Lehoiaren orroa deituko–. Liburu azokan ez ezik, toki gehiagotan ere ikusi dut San Basilioren Uxoa, hala nola euskaldunen laguna den diarioaren azalean edo megadenda baten erakuslehioan.
 Bagunyàk katalanez egin dio kritika katalanez idatzitako liburu erdipurdiko bati, literaturan eta bere kulturan sinesten duen baten seriotasunez. Guk, berriz, kontent onartzen dugu erdal idazleek gure kultura kitsch bihurtzea: are gehiago, txalo artean hartzen ditugu mundu honetako doloresredondo, maiorgaramirez eta palomasanbasilio guziak, eta, bere buruarengan sinesten ez duen kultura bati dagokion bezala, eskaparateak eta lehen orrialdeak eskaintzen dizkiegu.
 Eta bada oraindik euskaldunak itxiak eta antipatikoak garela dioenik. Gu baino abegikorragorik!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!