Zer eskatzen du herriak?

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025ko mar. 25a, 15:24

Polemikatxoa piztu dute egun hauetan Anton Arriola Kutxabankeko presidentearen adierazpenek: haren ustez, euskara oztopo da kanpoko talentua Euskal Herrira erakartzeko. Ez da enpresa edo finantza munduko norbaitek horrelakorik erraten duen lehen aldia, eta hitzek sortu duten gaitzespena ere ez da berria.
 Eztabaida aski aspergarri bati kolore pittin bat emate aldera, Bluesky sare sozialean Hedoi Etxartek idatzi du beretako euskararen aldeko adierazpenak direla bankariarenak, bere euskalduntasunaren mugen baitan [sic] Etxartek ez baitu ez bankaririk, ez epailerik, ez poliziarik nahi.
 Euskara hizkuntza dela uste nuen nik, baina antza ez da; antza, batzuen ondasun pribatua da, eta, hortaz, uste bide dute zilegitasuna dutela errateko nor den eta nor ez den euskalduna izateko duin. Horren arrazoia omen da “euskara askapenaren ardatzean” nahi dutela, hori zernahi dela ere, zeren Etxarteren euskalduntasunaren baitako euskara ez baita beti ulertzen erraza jatorrizko bertsioa ezagutu gabe. Bistan da, halere, asmo arranditsua dela askapen zera hori, benetan inportantea, herriaren heroiak arduratzeko modukoa; haatik, euskara eguneroko eta noranahiko komunikazio tresna izatea burgestxikikeria mespretxagarria da naski. Herri oso baten askatasuna buruan duena nola keztatuko du, bada, zein hizkuntzatan paratu dioten isuna?
 Nolanahi ere, euskalduntasuna hain ozenki aldarrikatu ondotik, bitxia da ikustea zenbaiti ez zaiela inporta, are gehiago desiragarria iduritzen zaiela diglosia betikotu dadila, baldin eta horrek ziurtatzen badu euskara jende orbangabeen mintzaira izatea. 
 Baina, Kutxabankeko presidentearen adierazpenak bezala, hori ere ez da berria: Eliza katolikoak ez du bertzerik defendatu mende luzeetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!