Akitu dut El minuto heroico (Minutu heroikoa) telesaila. Lau ataletan, Opus Dein numerario izan diren zenbait emaztekiren testigantzak bildu ditu Mònica Terribasen telesail horrek. Hainbat tokitakoak dira lekukoak –Espainiakoak, Herrialde katalanetakoak, Mexikokoak, Irlandakoak, Argentinakoak…– baina antzekoa da, berdina ez errateagatik, guzien kontakizuna.
Egunkari batean irakurri dut Opuseko ordezkarien arabera esperientzia txarra izan zuten emazteki horien testigantzak ez duela Obraren errealitatea islatzen. Alta bada, telesailak ez du esperientzia txar bat kontatzen. Esperientzia txar bat izatea da mendi errusiar batera igan, zorabiatu eta goitika hastea. Esperientzia txar bat da jatetxe batera ilusio handiz joatea eta kamareroak gaizki heziak izatea eta otordua txarra eta garestia izatea.
Telesailean agertzen diren emaztekiek, berriz, bertze gauza bat kontatzen dute. Ez dute berek bakarrik izan duten esperientzia txarra kontatzen; beren kasu partikularra azalduz, partikulartasun hori gainditzen duen bertze zerbait ari dira azaltzen. Telesailean agertzen diren emaztekiek neska adingabeak limurtzeko mekanismoak deskribatzen dituzte, jendearen borondatea eta autoestimua xehatzeko teknikak; telesailean agertzen diren emaztekiek praktika amoralak edo zuzenean ilegalak kontatzen dituzte, hala nola gutun pribatuak irakurtzea, lanaren truke soldatarik ez ordaintzea, segurtasun sozialean ez kotizatzea. Telesailean, jendea hondoratzen duen sekta baten funtzionamendua gelditzen da agerian. Horregatik seguru naiz polizia eta epaileak hain lanpeturik ibiliko ez balira, berehala ikertuko luketela Jainkoaren Obra.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!