Famatu eta sasifamatuen artean bada azpiespezie bat uste duena mundua berekin hasten dela. Tabakoa uzten badute, orduan antitabakismoaren onuren berri eman beharko diote munduari, lehenago bertze inork tabakoa utzi izan ez balu bezala, eta ezkondu, dibortziatu edo haurdun gelditu badira, esperientzia hori azaldu eta mundu guzia ezagutzera animatuko dute, historian bertze inor ezkondu, dibortziatu edo haurdun gelditu izan ez balitz bezala.
Bart arratsera artio Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egin ez zekitela publikoki errana zuten ez gutik orain eraikina eraistearen alde egiten dute inolako zalantzarik gabe, eta, mundua haiekin hasten baita, hain alde ez daudenak mespretxatzeko prest ere badaude, ez baitute ulertzen nola daitekeen unibertso osoak argia ikusi ez izana berek argia hain argi –barkatu erredundantzia– ikusi ondotik.
Ni ere monumentua eraistearen alde nago –badaezpada ere, gehiengoarekin joaten saiatzen naiz beti–, baina zutik utzi eta bertze erranahi bat emateko arrazoiak ere ikusten ditut, eta eztabaida ez zait alferrikakoa iduritzen. Nolanahi ere, egiten dena egiten dela, nik plaka bat paratuko nuke. Plaka bat, oroitarazteko eztabaida hau –zer egin Erorien Monumentuarekin, alegia– 2025ean gertatzen ari dela, hau da, diktadorea hil eta 50 urtera; oroitarazteko denbora luzean alderdi ustez demokratiko bateko alkate batek, Yolanda Barcinak, uste izan zuela monumentua ez ukitzeak eta haren pareko plazaren izena ez aldatzeak botoak emanen zizkiola; oroitarazteko segur aski arrazoi zuela alkate hark, botoak ematen zizkiola; oroitarazteko PSN debatean sartu zela bertze alkate batek, Joseba Asironek, monumentuaren pareko plazari abertzale baten izena paratzea proposatu zuelarik, baina, ordura artio, faxistak omentzen zituzten monumentu eta plaza horiek Iruñeko bihotzean egoteak ez ziela traba handirik egin alderdiaren ideal sozialistei. Oroitarazteko, azken buruan, zer-nolako gizartean bizi izan garen. Erranahi berriko eraikinean edo haren hondakinen artean. Plaka bat.