Nire ikasle batek errana da: zer zailtasun du testu bat itzultzeak? Azken batean, itzultzaileak ez du deus asmatu beharrik, hizkuntza batean dagoena bertze hizkuntza batera ekarri bertzerik ez du egin behar. Hori baino gauza sinpleagorik!
Ikaslea –estimatzen nuen pertsona inteligentea baitzen– ni zirikatu nahian zebilen, nik zer erantzunen eta zer espantu eginen –hizkuntzak irakasteak badu franko pailazokeriatik– sentitzen nuen eskandalua adierazteko. Baina ikasle hark benetan sinetsi gabe boutade gisa bota zidan hura sinesten dutenak ez dira guti. Itzulpengintza, nonbait, lan mekanikoa da jende frankoren ikuspuntutik, zama, lehenbailehen gainetik kendu beharreko zeregin desatsegina. Itzulpengintza, jende anitzen ikuspuntutik, aukeran makinek bete beharko luketen betebehar dorpea da.
Ez da ulertzen, bertzenaz, aspalditik heldu den itzultzaile automatiko, neuronal eta orain adimen artifiziala itzultzaile lanetan trebatzeko tema. Nik ez dut testurik ongi euskaratzen duen makinarik ezagutzen. Ez, bederen, konplexutasun maila batetik goiti.
Ailegatuko da, halere; noizbait testuak txukun samar itzultzeko gauza den tramankulua asmatuko dute. Niri, nolanahi ere, abiadura handiko trena dakarkit gogora. Hori ere akituko dute noizbait, eta orduan Iruñetik Gasteizerako bidaia hamar edo agian hogei minutu bizkorrago eginen dugu. Eta, segur aski, irabazi ttiki hori batzuendako aski izanen da bidean galdu dugun guzia estaltzeko eta justifikatzeko.