Gaur, barkatu fribolitatea, nire gauzatxoez mintzatuko naiz. Donostia aldean, Fantasiazko eta beldurrezko astea egiten ari baitira, eta, urtero bezala, hara abiatzen naiz egunero, eta handik egunero bueltatu. Fantasiazko eta beldurrezko bidaia izaten da beti; fantasiazkoa, eguneroko martxatik ihes egin eta gustuko dudan zineman murgiltzeko aukera ematen didalako –film bat ikusi ondotik oraindik bertze bat ikusteko dudala jakitea baino plazer handiagoak izanen dira mundu honetan, baina niretako guti–, eta beldurrezkoa, lo guti eginda goizeko hiru ttikietan autoa gidatzea ez delako kontu atsegina.
Kontent naiz, halere. Aurtengo filmak iaz baino dezente hobeak izaten ari dira, eta aunitzetan azpitituluak gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere badaude. Are gehiago, euskarazkoei eman diete tokirik hoberena pantailan; gaztelaniazkoak irakurtzeko, lepoa pittin bat luzatu behar izaten da.
Pena bakarra: euskal produkzio batzuk badira aurtengo festibalean, baina denak espainolez edo, Galder Gaztelu-Urrutiaren Rich flu bezala, ingelesez. Fantasia ez dugu falta Euskal Herrian. Gogoa, agian, bai, baina seguruenik gogoa pizten lagunduko luke hizkuntza politika hain beldurgarria ez balitz.