Comtessa tarta parkinean jaten

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko eka. 21a, 10:32

Borgesen ipuin batean, munduan barna ibilitako bidaiari musulman bati haren etsaiek leporatzen zioten sekulan zapaldu ez izana bere kontakizunetan aipatzen zituen herrialdeak, eta, aldi berean, gorrotoak ematen duen logika erabiliz, herrialde horietan egiazko fedeari uko egin izana.

Nafarroan ez da falta lanpostu publikoetan euskara eskakizun izateaz kexatzen denik, euskara ikaragarri zaila delako eta, aldi berean, gorrotoak ematen duen logika erabiliz, euskarari irri egiten dionik ikaragarri erraza delako: nonbait solas bati k letra gehitzea aski omen baita solas hori euskara izan dadin.

Horretan aritu dira egun hauetan sare sozial batean bi txiolari: trol anonimo bat, batetik, eta, bere burua irri-emangarri uzteko aukerarik galtzen ez duen sasikazetari bat, bertzetik. Jatetxe bateko menuan Comtessa tarta irakurri dute, eta, antza, ez da mailegu hori baino gauza absurdoagorik. Hori euskara? Bai, zera. Ez dakit zehazki gure filologoen iritziz zein zen absurdoena, Comtessa edo tarta, baina bistan da espainolez natural-naturala dela; are gehiago, ongi gogoratzen badut, Mio Cid poeman "tarta Comtessa" jan zuten mertzenario gaztelarrek Valentzia hartu izana ospatzeko. Baluarteko igogailuan "parking" ikusi dute, eta hori ere gaizki iduritu zaie. Istorio honetan ikusten dudan alde on bakarra: duela urte batzuk, erranen nukeen horrelako jendea izorratzea euskaraz mintzatzeko motiboetako bat dela. Orain, egia erran, baditut bertzelako arrazoiak, aise interesgarriagoak, euskaraz lagunekin honetaz eta hartaz aritzeko. Comtessa tarta jan bitartean, jakina.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!