Etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko mai. 9a, 12:16

Abesti batean, Philippe Katerinek kantatuz kontatzen du haur zelarik, 1978an, nola amesten zuen etorkizuna, nola irudikatzen zuen 2008. urtea: "2008an, jendea elkarren ondotik pasatuko da airean, / hegan eginez koleoptero supersoniko / baina isilen gainean". Eta geroago, honela dio leloak: "2008. urtea horrelakoa zen 1978an". Alegia, etorkizuna ez da imajinatzen genuena bezalakoa izan.

Iruñera ere ailegatu da etorkizuna, baina ez da, adibidez, 1982an, Blade Runner filmean pentsatu zutena bezalakoa, ezta 1989an, Back to the future bigarren partean aurkeztu zigutena bezalakoa ere. Gure artean ez dabil, guk dakigula bederen, erreplikanterik, zapatetako sokak ez dira bakarrik lotzen, eta monopatinek gurpilak dituzte oraindik. Iruñean etorkizuna zera da, zaborra botatzeko edukiontzia ireki ahal izateko, txartela erabili behar izatea, edo, bertzenaz, telefonoko aplikazio bat erabili behar izatea –funtzionatzen ez duen aplikazio bat, bidenabar erranda–.

Bankuen digitalizazioaren kontura adineko jendea kexaka ari den honetan, zeinen ideia ona zaborra botatzeko eguneroko zeregin horretan oztopo bat paratu izana; zeinen asmazio egokia zernahi aparatu trabatako duen jendea erritu nahasgarri bat betetzera behartzea, zaborra botako badu; zeinen burutazio zoragarria, ikusmen urria duen eta makurtzeko gaizki dabilen jende edadetua aintzat hartuta, jarraibideak letra ttikietan eta aski beheitian jarri izana; zeinen plan argia, oreka eskasa duen zaharrei begira, edukiontziko tapa lurrean dagoen palanka bat zapatuz irekitzera behartzea.

Etxean jaso dugun gutunak dio hemendik aitzinat birziklatzea seguruagoa izanen dela. A, bale, kontua baldin bada gu arriskutik salbatzea, orduan ni ados.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!