Kontraerranak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko mar. 14a, 12:24

Tronu Dema telesaileko hirugarren denboraldian (oker ez banabil), Arya Stark-ek bere etsaien zerrenda errezitatzen du lokartu baino lehen. Maitasuna bezala, herra elikatu beharreko sentimendua baita. Aryaren antzera, nik ere zerrenda luzekara dut, baina gorrotoa nekagarria eta, egia aitortze aldera, ez bereziki osasungarria denez, aurten alde batera uzten saiatzeko asmoa nuen. Eta eginahal horretan ari nintzelarik, hara non etorri zaidan Kiko Amat liburutto batean etsaiak beharrezkoak direla aldarrikatzera.

Sarrera horrekin ez nuke ulertzea nahi Hibai Arbide nire zerrenda beltzean dagoenik, nahiz eta balitekeen han postu bat irabazi izana duela hiru urte izan nuen kalapita handian, eta nahiz eta balitekeen, orokorrean, Twitterren erabiltzen duen tonua batere ez gustatzea. Eta hala eta guziz ere, aitortu behar dut eredugarria iduritu zitzaidala atzoko Berrian Ukrainako gerlaz publikatu zuen artikulua: hasmentako analisian tronpatu zela aitzakiarik gabe aitortu ondotik –gutitan ikusten ditugu horrelako aitormenak–, gatazka bere konplexutasunean ulertzeko gonbit egin ez ezik, bere konplexutasunean ulertzeko datu batzuk ere ematen ditu. Jarrera, datuak, analisia: egokia iduritu zitzaidan den-dena, dogmatismotik urrun, benetako kontraerranak agerian utzita. Horrelako testu gehiago behar dugu.

Hona, beraz, nire gomendioa: irakur ezazue Arbideren testua; eta nire kontraerrana: ez nuke ulertzea nahi, zerrenda beltzean baldin bazegoen, handik atera denik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!