Ez nuen osorik ikusi atzo Jordi Evolek Felipe Gonzalezi egin zion elkarrizketa. Gaur goizean La Sextaren webgunean sartu eta pasarte batzuk ikusi ditut: zer uste duzu Ukrainako gerraz? Itzuli beharko luke Espainiara Juan Carlos Borboikoak? Eta Gonzalez eroso, eskarmentu handiko estatu gizonaren papera antzezten. Baita martiriarena egiten ere, tarteka: Espainiako lehendakaritza utzi zuelarik bazekien bere ohorea zikintzen saiatuko zirela, aberastu egin zela erranez eta abar.
Atzo, telebistan, alde pertsonalari zegokion zatia ikusi nuen: nolako aita izan zara? Nolako senarra? Nolakoa zen aita? Nolakoa, ama? Beldurra diozu heriotzari? Eta abar. Aukera emanda, alde humanoa erakutsi zuen Gonzalezek, neurrian betiere, melodramatismorik gabe, ongi bizi izandako bizialdi baten gailurretik iraganera begiratzen dionaren lasaitasunaz. Aktore ona da Gonzalez.
Elkarrizketa ez zitzaidan batere interesatu. Batez ere, banekielako merezi izanen zuen gogoeta bakarra ez zela agertuko. Gogoeta Xavier Agueda El listo goitizeneko marrazkilariari irakurri nion aspaldian Twitterren, eta nire esperientziarekin bat egiten zuen. Honela zioen: "Gure familian, gurasoak, baina, batez ere aitatxi-amatxiak, Felipe Gonzalezen jarraitzaile sutsuak izan dira. Orain, berriz, gelditzen zaigun eta familia bazkarietan noizbehinka ateratzen den zalantza bakarra da Felipe Gonzalez, gazte zelarik, pertsona ona izan ote zen, denboraldi laburrez balitz ere". Horraino gogoeta. Naski Jordi Evolek ere badaki El listoren galdera horren erantzuna. Kontua da, beraz, zertara etorri zen atzoko masajea.