Gaur, otsailak 14, San Balendin eguna dugunez, has nadin nire oroitzapen amodiozko bat kontatuz: naski nire tenore zoriontsuenetarik ekain batean izan zen, artean neska hura neska-laguna izan ez baina ordurako adiskidea baino gehiago bazelarik. Oraindik ez baina jada, Iñigo Astizen poema baten izenburua parafraseatzea zilegi bazait.
Bea Salaberriren Baionak ez daki liburua irakurri ahala irudipena izan nuen ipuin batean baino gehiagotan gaia horixe zela, oraindik ez baina jada sentsazio hori; narrazioak zera erakusten zigula, errebelazio bat gertatzeko zorian deneko unea, mundua oraindik arruntean aldatu ez baina jada lehenagoko bera ez deneko momentua.
2015ekoa da Salaberriren liburua. Ez dakit norainoko arrakasta izan zuen, baina susmoa dut ez zela euskal literaturaren historiako alerik salduena izan. Hainbat bekatu biltzen zituen horretarako: ekialdeko jaidura nabarmena zuen hiztegian eta egituretan –ez zegoen, alegia, euskara errazean idatzia– eta, gurean are barkaezinagoa dena, asmo literarioa begi-bistakoaz zegoen egina.
Bizitzako jende eta tenore jakin batzuek bezala, zenbait liburuk maitemindu eta zoriontsu egiten gaituzte. Ni aspalditik nago Bea Salaberriren bigarren lanaren esperoan. Agian oraindik ez baina jada gustatzen zait noizbehinka pentsatzea, kasik atzenduriko kilikak sentiarazten dizkidan pentsamendua.