Bi bozketak polemika piztu dute oso denbora gutxian. Bietan, bertzalde, heroiek porrot egin dute.
Lehendabiziko bozketa, kostaldeko hiri dekadente batean formolez gorderiko momia batzuek aurkezten duten lehiaketa batean izan zen; lehiaketa hori, horterismoaren gailurra den bertze lehiaketa batera zein kanta igorriko erabakitzeko egiten da, baina, antza, antolatzaileek iruzurra egin eta ez zuen herri xumeak nahiago zuen artistak irabazi.
Bigarren bozketa Madril aldean izan zen. Han, UPNko bi ordezkariek eskuinaren heroi berriak bihurtzea espero zuten, ustekabean lan erreformaren erreforma geldiaraziz. Alta bada, deus ex machina batek –parlamentari trakets baten hanka-sartzearen forman– heroi gisa ez, traidore eta arlote irri-emangarri gisa agerrarazi zituen. Carlos Garcia Adanerok, balentriaren egileetarik batek, adierazi du haserre –Adaneroz ari gara: barkatu erredundantzia– ez zutela PPren partetik deus kobratu, beren printzipioek agintzen zietena bete bertzerik ez zutela egin. Tira, ezin jakin Sayas eta Adaneroren motibazioa monetary izan ote zen, baina, bistan dena, orain zoraturik izanen dituzte PPko daddy guziak –edo, batek daki, agian, Voxekoak–. Seguru naiz alderdi berrian, Sayas berriz ere lehen lerroan agertuko zaigula, ez dela izanen secondary.
Bi bozketak polemika piztu dute oso denbora gutxian. Batean, aldez aitzinetik xarmanki lotua zegoen dena, gertatzen zena gertatzen zela gauzak antolatzaileek nahi zuten maneran atera zitezen. Bertzea, traizio, gezur eta trakeskerien fartsa bihurtu zen aski agudo, eta halabeharrari esker izan zen emaitza antolatzaileek espero zutena. Prozesuak berak erakusten du bietarik zein zen inportanteena, eta, ondorioz, non bizi garen.