Autoa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko urt. 24a, 12:07

Fitekara, autoa aldatu beharko dugu. Gaurgero, hogei urtetik goiti izanen ditu. Seat Ibiza bat, orain artio gidatu dudan bakarra.

Bistan dena, bertze auto batzuk ezagutu ditut. Seat 850 da gogoan dudan lehena: arrunt ume nintzelarik, flipatzen ninduen motorra gibeleko aldean izateak, eta maletategia, berriz, aitzinekoan; Seat 131, geroago, laranja butano kolorekoa, epikoki itsusia. Neska-lagunarekin bigarren eskuko Renault 11 batean ibili nintzen kopilotu. Baina karneta atera orduko, berriz, Ibiza erosia genuen, gorri iluna, semeak eskatuta Kukuxumuxuko pegatina batzuek edertua-edo.

Bakar batean ere ez da Euskal Herriak preziso jakin beharko lukeen deus pasatu. Laranja butano kolorekoan, aitak derrapatu egin zuen behin, nahi gabe, gure –anaien eta nire– txaloen artean. Horretaz aparte, gure autoetan gurasoek ez didate sententzia sakonik adierazi, eta nik ere ez diot gure semeari –jainkoak gorde nazala– hausnarketa gogoangarririk bota. Erratekotan, agian, keinukariak erabiltzea komenigarria dela. Euskal kulturaren ikuspuntutik, gibeleko aldeko pegatinek kitsch aldera lerratzen dute pittin bat. Bolada batean, azkenik, egunero eramaten ninduen ospitalera, baina ez zait egokia iduritzen horretaz hemen, irratian, aritzea.

Hogeiren bat urteren buruan, pena pixka bat ematen dit gure Ibiza gorri iluna, hain glamurrik gabea, aldatu behar izateak. Beharbada, honetakoan Mercedes, BMW edo Audi dotore batekin egin beharko nuke proba. Auto inportantean mundua berea dela uste duen jende inportantea sentitzea zer den behingoz jakite aldera. Ez. Txantxetan ari naiz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!