Hiperbentilazioaren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko mai. 24a, 11:13

Aurten, ikasle parrandazale batek erran zidan pandemiak niri naski ez didala sobera eragin, etxean egotea gustatzen zaidalako. Haren ikuspuntutik, nonbait, besta egitera ateratzeko beharrik ez sentitzeak edo ez adierazteak nire balizko behar guziak deuseztatzen ditu, berdin izateraino, etxean egonez gero, zertan ematen dudan denbora, telebista ikusten, kanpaia jotzen edo idazlanak zuzentzen.

Halere, puntu batean bazuen arrazoia nire ikasleak: ez naiz sekulan bereziki parrandazalea izan –zahar sortu nintzen, barkatu, eta hogei urte bete orduko arruntean nintzen aguretua–. Alta bada, niri ere pandemia honek zenbait gauza geldiarazi eta galarazi dizkit. Konparaziorako, semearekin etxetik kanpo egiten nituen gauza guziak: astean behin elkarrekin jatetxe batean bazkaltzea; ortzilarero zineman film bat –zientzia-fikzioa edo beldurra– hondarreko saioan ikustea, maiz adiskide on batek lagunduta; urtarrileko anime festibalera joatea; noizbehinka Gasteizko Hipsteria dendari bisita egitea. Ez ziren, oro har, gauza iraultzaileak; ez zuten eraldaketarako edo politikarako espaziorik sortzen. Gauza xumeak ziren. Gure uneak. Gure solasaldiak. Gure irriak. Gure arteko konplizitatearen oinarri ziren gauzak.

Erran nahi dut ni ere nekatua eta okakatua nagoela. Eta badakit gure Euskal Herri honetan zenbait jarriak daudela pentsatzera egiten duten oro, baita hatsa hartze hutsa ere, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta abar sortzeko ekarpen ezinbertzekoa dela. Baina niri oraindik auzolotsa pixka bat sentiarazten dit parranda egiteko gogoa –arrunt ulergarria eta errespetagarria dena– ia-ia iraultzaren pare paratzeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!