Fetitxista

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko api. 26a, 11:56

Liburuaren eguna izan genuen joan den ortzilarean, apirilaren 23an; ez zait egun aproposagorik bururatzen gogoratzeko lagun batek liburu bat bi aldiz oparitu zidala. Liburu beraren bi ale berdin, erran nahi baita, eta opari batetik bertzera aski denbora tarte luzea utzita, jakina. Bi aldietan berdin poztu nintzen, liburua ona delako, eta ez batean ez bertzean ez baitzen ez nire urtebetetzea ez bertzelako egun berezia: adiskidetasun keinu hutsa izan zen, eta adiskidetasun keinuak estimatzekoak dira beti, are gehiago garai honetan. Bertzalde, badakit, berak hala aitortuta, lagun horrek betidanik memoria txarra izan duela.

Diotenez, memoria gara, zerbait izatekotan. Badira memoria buruan daramatenak, oroitzapen bakoitza egun, aldarte eta eguraldi jakin bati lotzeko gauza direnak. Badira, berriz, oroimena pizteko makuluak behar izaten dituztenak. Arrastoak. Gauzak. Fetitxeak, azken buruan.

Fetitxeek oroitzapenak freskatzeko balio duten bezala, berak dira, berez, oroigarri, gauzen iragankortasunaren oroigarri hain zuzen ere. Lagunak urrun joanen dira, adiskideak akaso etsai bihurtuko dira noizbait, baina gauzek gurekin segituko dute. Ez dakit pentsamendu hori pozteko edo tristatzeko modukoa den. Momentuz, dakidan gauza bakarra da, nire liburutegian liburu bat errepikatua dagoen arren, bi aleak atxikiko ditudala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!