Four Weddings and A Funeral, edo, euskaraz, Lau ezkontza eta hileta bat filmari esker, izugarri famatu zen W. H. Auden poeta. Pelikulan, Matthewk, John Hannahk gorpuztu zuen pertsonaiak, irakurri zuen poema izenburuko hiletan: "Geldi itzazue erloju guziak, isilarazi telefonoa...".
Poema ederra bada ere, ez da, Audeni irakurri dizkiodanen artean, nire gogokoena. Bat hautatzekotan, segur aski William Butler Yeats poeta irlandarraren omenez eta oroimenez idatzi zuena hartuko nuke, eta poemak dituen hiru ataletarik, dudarik gabe, lehenbizikoa. Hor, poetaren hondarreko momentuak ditu mintzagai Audenek, haren azken arratsaldea: "Bere gorputzeko probintziak matxinaturik / Hutsik ziren bere burmuineko plazak / Eta isiltasunak mende hartu zituen auzoak".
Poesiak, dio Audenek, ez du deus aldatzeko balio, baina, halere, poeta bere miresleen memorian geldituko da. Urtero, guti batzuek hil zeneko eguna gogoratuko dute, segitzen du poemak, "egun hartan gauza ezohikoren bat egin izan balute bezala".
William Butler Yeats 1939ko urtarrilaren 28an desagertu zen, negu gorrian; gaurko predikuan ez naiz, beraz, poeta irlandarraz ari. Baina, hala ere, martxoaren 29a, 2017koa hain zuzen ere, egun hartan gauza ezohikoren bat egin izan banu bezala gogoratzen dut nik. Bidenabarkoan, baten batek –ez dut zerrendarik eginen– lotsa pixka bat sentitzea nahiko nuke, alferrik ari naizela badakidan arren.