Diosas sí, jainkosarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko mar. 15a, 13:01

Mintzaldiak otsailaren 18tik maiatzaren 27ra bitarte izanen dira, Condestablen, Iruñeko Udalak antolatuak. Guzira, hamar. Lehendabizikoa, Marta Sanzek eman zuen; hondarrekoan, Belén Gopegui izanen dugu hizlari. Eta bakoitzean, emazteki idazle bat bere erreferentea den edo izan den bertze emazteki idazle batez ariko da. Errate baterako, Marguerite Durasi buruz aritu zen arestian aipaturiko Sanz, eta Adrienne Rich izanen du mintzagai Gopeguik. Bien bitartean, bertze zortzi idazlek bertze zortzi erreferente aurkeztuko dizkigute –zenbaitek dagoeneko aurkeztua digute–. Tira, Interneten programa bilatzea ez da batere zaila: Googlen "Oh, diosas amadas" idatziz gero, aise aurkituko dugu.

Gauzak argitze aldera, niri programan dagoen guzia ongi iduritzen zait. Falta denak arduratzen nau gehiago. Programa aurkitzea –errana dugu– erraza da; lan zailagoa izanen du, ordea, programan euskarazko mintzaldirik aurkitu nahiko duenak; edo, mintzaldia erdaraz emanda ere, bere lana euskaraz sortzen duen egilerik bilatuko duenak. Ana Malagonek, Eider Rodriguezek edo Katixa Agirrek ez dute erreferenterik? Ez dira itzal handiko idazleak –programako "influyentes" baldar euskaratuta, barkatu–? Kalitatea falta ote dute? Ez erantzun, mesedez.

Mintzaldi ziklo hau, nolabait, Iruñeko liburudenda batean egin zen Letraheridas literatura jaialdiaren segida da. Horren web-orriak jakinarazten digu letraheridas katalanismoa dela, lletraferides solasetik heldu dela. Beharbada horregatik, lehen edizioan katalanez sortzen duen idazle batek, Eva Baltasarrek, hartu zuen parte. Harrezkeroztik, solo letraheridas y solo diosas. Jainkosarik ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!