Youtuberrak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko ots. 8a, 12:32

Joan den aste honetan gai batek paratu ditu dantzan Espainiako telebistetako kazetari eta tertuliakideen mingainak: youtuberrak Andorrara doaz. Telebista kate guzietan zergak ordaintzea zeinen garrantzitsua den gogorarazi digute aurkezle, politikari eta mota guzietako iritzi-emaileek. Gauzak argi uzte aldera: penagarriak iduritu zaizkit youtuberren ahotik aditu ditudan Andorrarako ihesa justifikatzeko argudio gehienak. Baina, kontuan hartuta ez direla zerga gutiago ordaintzeko saihesbide bat bilatu duten bakarrak, harrigarria egin zait hedabideetan aferari eman zaion oihartzuna.

Gazteen erreferente direlako izan ote da? Ni bederen hala nago. Ohitura –ohitura txarra– bilakatu da gure gizartean, gazteei eskatzea gu ez garen gauza guziak –hala nola toleranteak, feministak, bakezaleak– izan daitezela eta guk egiten ez dugun guzia egin dezatela. Gazteek youtuberrei ez gure erreferentei begiratuko balie –dirutza kobratzen duten futbolariei, politikari ustelei, txertoa inork baino lehenago jarri duten apezpiku eta militarrei– eredu hobeak aurkitzekoak balira bezala. Azken batean, youtuber gazteek Espainiako youtuber ospetsuenari segitu bertzerik ez dute egin. Youtuber alfer hori –alferra, urtean bideo bakarra grabatzen duelako– aspaldi du ihesi joan dela. Ez, bistan da, Andorrara, Abu Dabira baizik. Andorrara joandakoen jarrera berekoiak hain arduratuak dituen kazetari gehienak, berriz, Abu Dabikoaren ihesaldiak ez ditu batere kezkatzen. Are gehiago, anitzek oraindik erraten dute eskerrak eman behar genizkiokeela. Noizbait bideo bat grabatu beharko nuke horrekin. Youtuben, jakina. Andorrara ihes egin baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!