Eguberrietarik bueltan, 2021erako asmo onak kontatzea proposatu nien nire ikasleei. Bakoitzak bizpahiru erran behar zituen, baina gutienez bat gezurra izan behar zen; egiazko asmoak gezurrezkoetarik bereiztea izanen zen gainerakoen lana. Nire txanda ailegatu zelarik, 2021ean –bertze behin ere– argaldu nahi nukeela erran nuen, eta Erdi Aroko alemana ikasi, Mittelhochdeutsch alegia.
Talde guzietan erran zidaten ez zutela sinesten argaltzeko asmorik nuenik –ongi ikusten nauten seinale; ez da harritzekoa, emeki-emeki jainkoaren sinbolo den borobil perfektura hurbiltzen ari bainaiz–, baina egia zela Erdi Aroko alemana ikasi nahiko nukeela. Dena aitortzeko, biak dira aldi berean egia eta gezurra. Mehetu beharko nuke, baina 2021 honetan bederen ez dut indarrik izanen, eta Mittelhochdeutsch ikasi nahiko nuke, baina aurten ez dut astirik izanen.
Hurrengo galdera izan zen, normala den bezala, zertarako ikasi nahi ote dudan deusetarako balio ez duen hizkuntza bat. Bada, hain zuzen ere, deusetarako balio ez duelako ikasi nahiko nuke. Zerbaitetarako balio duten gauzetan, alde praktikoak gainerako alde guziak aienatzen baititu normalean. Irakasle lana, konparazio baterako, bokaziotik bazuen ariketa batzuetan pizgarria izatetik denboraren poderioz jatera ematen didan jarduera lehorra izatera pasatu da. Une batetik aitzinat, bakarrik balio praktikorik ez duten eta, hortaz, inor gutik ulertzen ez dituen gauza sekretuetan aurkitzen ahal dugu arnasgune bat gure buruarendako, eguneroko aspergarrian itoko ez bagara behinik behin.