Erne nenbilen, Nadal eta Josep Pla sariak noiz emanen, baina, hori bai kasualitatea, egun hura hautatu zuten Trumpen aldeko supremazistek Washingtongo Kapitoliora indarrez sartzeko. Maiz gertatzen den kontua: literatura bazterrean gelditzen da, gaurkotasunak hara igorria.
Eguneroko bertigozko abiaduraren pean harrapatuta, baliteke entzuleren batek ez jakitea Aritz Galarragak liburu bat argitaratu duela. Liburua, gainera, ez da dendetara ailegatuko; liburu digitala baita, Booktegin publikatua. Posteritatea du izena. Hamar urtez Argia aldizkarirako eginiko kritikak bildu ditu Galarragak, ez-nobedadeen kritikak hain zuzen ere, liburu atera zaharren kritikak alegia, kritika zorrotzak eta doiak, egileak hain bere duen eta gure artean hain gutitan ikusten den estiloan idatziak. Literatura maite duen orok irakurri behar lukeen liburua. "Euskal literatura maite duen orok" erratekotan egon naiz, baina, Galarragarena irakurrita, iduritzen zait euskal literatura maitatzea dela euskaldunok literatura maitatzeko dugun manera, eta, hartara, Posteritatean literaturaz irakurtzea da nik euskal literaturarekin berriz adiskidetzeko dudan manera (baina hori agian inori inporta ez zaion datua da). Ez dut aipatu, baina liburuak, luxua luxuaren gainean, Angel Erroren aintzin-solasa darama.
Berriki irakurri dut euskal literatura –eta, oro har, literatura– corpus bat baino gehiago, kultura ideologia bat dela, edo are plazer pribatu bat. Zer nahi duzue erratea: nik izugarri eskertzen dut Posteritatean dagoen gure corpusa hedatzeko eginahala, eta literaturaren plazera plazer ez dakit publikoa baina bai bederen konpartitua bihurtzekoa.