Folklorea

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko urt. 11a, 12:29

Atzo, Baserria hasi ziren ematen ETB1en. Ez dakit erran beharrik baden, baina ez nuen ikusi. Aski izan nuen irratiko iragarkia: segundo gutian “ostia!” gutienez bi aldiz erraten zuten. Egiazko euskalduna zakarra baita, biraoak bota zalea, eta egiazko euskalduna inon ez da euskaldunagoa sentitzen baserrian baino, gure arbasoek egiten zituzten lanak egiten. ETBko bertze realityak, reality normalak, reality aberatsak, munduan barna ikurrina erdaraz eramateko balio du. Gauzak argitze aldera: nik ez dut ez bata ez bertzea gustuko, eta, nire iduriko, biek euskalduntasunaren irudi penagarria ematen dute, baina bitxia egiten zait nola ETB1ekoak euskarari historikoki egokitu zaion toki sinbolikoa berresten dion: baserria. Ostia!

Baserrian ez ezik, larunbat gaueko programazioan ere dena ematen dute ETB1en. Joan den asteburu honetan, jendea kantari, gizon-emaztekiak lepotik elkar hartuta, afaldu ondoko giro alaian. Eta, aizue, euskal tradizioko abesti ederrak ari ziren kantatzen, batere desafinatu gabe. Mahai batean zaharrak, bertze batean gazteak, batean bonetak nagusi eta guzietan atorra koadrodunak jaun eta jabe. Euskalduntasuna zerion saioari poro guzietarik. Euskaldunak, bistan da, hori ikusi nahi baitu larunbat gauean, hori edo mariatxiak edozein herriko jaixetan. Filmak, dokumentalak, debateak eta abar zoritxarrez barnean daramagun erdaldunak eskatuko ditu, eskatzekotan.

Duela ez anitz, kalapita sortu du Pello Lizarraldek elkarrizketa batean nostalgiak eta folkloreak euskal kulturan duten eragina salatzean. ETB1eko programazioa ikusita, motz gelditu zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!