Ebooka erosi dut uda honetan, konfinamenduaren ondotik; liburu digitalen irakurgailua erosi dut, paperezko liburuak baino errazago garbitzen delako kafetegi batean ratoxka bat leitzen pasatu eta gero. Ari naiz emeki-emeki betetzen. Berrogei liburu inguru ditut dagoeneko: gaztelaniaz, frantsesez, katalanez, ingelesez, alemanez. Italieraz ere bi. Eta hizkuntza bakoitzean gutienez bat irakurria. Euskaraz, berriz, ez dut oraindik bakar bat ere erosi. 2019ko ekainaz geroztik kosta egiten zait, salbuespenak salbuespen, euskal literatura irakurtzea. Euskaraz, gustuko zutabeak irakurtzen ditut, eta itzulpenak. Euskadi saria jaso berri duen Ingeborg Bachmannenarekin ari naiz orain –paperean, jakina–, eta, gauzak zer diren, Bachmann ekarri du solasera aste honetan, Argian, Aritz Galarragak. Erroman bizitzea zen Bachmannek sorterrian, Vienan alegia, zeukan bizitzeko manera bakarra; aberritik kanpo bizitzea zuen aberria soportatzeko bide bakarra. Galarragari hordagoa botatzeko tentazioa izan dut: berdin da non, baina mundutik kanpo, Baudelaire-k erraten zuen bezala. Georges Brassensek, berriz, honela kantatzen zuen sorterrira bueltatu izanaren zoriona: quand on est mieux ici qu'ailleurs, hemen bertze edonon baino hobeki gaudelarik. Nolanahi ere, problema ez da hemengoa jasan ahal izateko bertze nonbait egon behar izatea. Problema da hemengoa goxatuko digun bertze inon ez izatea.