Emaitzak aztertuta –baina telebista itzali nuenean, artean bozen %2 falta ziren– aldaketa posible da bai Nafarroako Parlamentuan bai Iruñeko udaletxean –bai eta bertze zenbait tokitan ere–. Eta, emaitzak aztertuta –eta segur aski nire desioak bulkatuta–, nik aldaketa hori ekarriko lukeen alderdi multzo jakin bat ikusten nuen: EHBildu gehi Geroa Bai gehi Podemos gehi Izquierda-Ezkerra: 14 zinegotzi eta 26 jarleku. Naski Joseba Asiron alkate, eta Uxue Barkos lehendakari. Badira, halere, bertze aukera batzuk. Alde batetik, Geroa Baik tentazioa izaten ahalko luke PSNrekin akordio bat bilatzeko, eta EHBildu Nafarroako gobernutik kanpo uzteko (baina horrek negoziazioak zailduko lituzke udalean); eta, bertzetik, ez dakigu zer eginen duen Podemosek, hau da, ez dakigu hemengoak prest dauden EHBildurekin gobernu batean sartzeko, eta ez dakigu hemendik kanpokoek hori onartzeko prest ote dauden.
Erran nahi baita aldaketa posible dela, baina posible izate hori lehen pauso bertzerik ez dela. Anitz dira ados jarri beharreko alderdiak, eta anitz, leundu beharreko ertzak. Eta gero legealdia etorriko da. UPNk eta PSNk zigorra jaso dute, baina –nondik begiratzen zaion– ez da hain handia izan. Zernahi egin eta gero, UPNk zinegotzi bakarra galdu du udalean, eta PSNk hiru atxiki ditu. Zigorra handiagoa izan da Parlamentuan, baina oposiziotik ez da hain konplikatua izanen egoera horri buelta ematea. Aldaketa posible da hondarrekoz, baina doi-doi erdietsi dute aldaketa hori nahi duten alderdiek behar zuten boz kopurua. Eta heldu diren lau urteetan, Diario de Navarrak, gobernuak egiten duena egiten duela, egunero lau haizetara hedatuko ditu apokalipsia iragartzen dituen zantzuak.
Beraz, UPSNri irabaztea zaila izan bada ere, akaso pentsatu behar dugu hori izan dela errazena, zeren heldu den legealdiak epe luzeari begirako legealdia izan beharko luke –neurri batean, behinik behin–; alegia, hurrengo hauteskundeetan ere irabazteari begira. Legealdi eredugarria, pedagogikoa, politika egiteko bertze manera bat erakusten duena. Oraingohauteskundeak erregimeneko alderdiek gauzak arrunt gaizki egin direlako irabazi diren bezala, hurrengoak irabazi behar baitira orain heldu direnek erakutsiko dutelako gauza direla navarrisimoek baino aise hobeki gobernatzeko. Horra erronka.