Pasa den ostiralean Hezkuntzako Mahai Sektorialean Gobernuak egindako lan eskaintza publikoa mahai gainean jarri ondoren sortu den zalapartak erabat harritu gaitu.
Beste behin ere errepikatu nahi dugu gaur egun indarrean dagoen oposizio ereduaren aurka gaudela, ez baitu balio irakasle gaitusuna neurtzeko. Horretaz gain, denbora galera nabarmena dakar, eta antsietate egoerak sortzen ditu. Hala ere, egoerara moldatu behar dugu, momentuz, enplegua egonkortzeko dugun aukera baita.
Hainbat sindikatu eta alderdi politiko biziki asaldatu dira, eta LEP hau nazionalistatzat jo dute, eskaintza osotik %70ean euskararen beharra baitago.
Mahai Sektoriala bukatutakoan komunikabideetan egindako adierazpenetan steilas sindikatuak logiko hitza erabili zuen iritzia ematean, eta horren azalpena ere eman genuen, nahiz eta azalpen hauek ez ziren agertu.
Hezkuntzako sindikatu guztiok, aho batez, hiru eskaera adostu genituen: irakasleen beharra aztertzea, kontratazio zerrenden kudeaketaren irizpeak aldatzea eta agintaldi osorako plangintza. Planifikazioa ez dute egin guk espero genuen zorroztasun eta zehaztasunez eta pedagogia eza erakutsi dute beharrak azaltzerakoan. Hala ere, Gobernuak luzatu duen proposamenean egungo marko jurizikoak ahalbidetzen dituen plaza guztiak agertzen dira, eta Haur-Lehen Hezkuntzako eskaintzak urte ezberdinetan egingo dira, beti ere ratio eta irakaskuntza zuzeneko orduan jaisten direnean eskaintza zabaltzeko aukera izango dela pentsatuz.
Gauzak honela, ekainean Haur eta Lehen Hezkuntzan oposizioak izanen dira, eta 2017an Bigarren Hezkuntzan. Ikastetxeen eta eta irakasleen egonkortasuna lortzeko, zein dira eskaintzen ahal dira plazak? Zalantzarik gabe, gaur egun interino batek betetzen duena, eta etorkizunean ere iraungo duena. Eta baldintza hauek betetzen direnak baino, ezin dira eskaini. Momentu honetan, eta steilas sindikatuak urte luzeak daramatza ideia hau defendatzen, PAIren ezarpen azkarrak gaztelaniazko plaza askoren galera ekarri du, eta behin-betiko destinoa izanda ere, asko dira bere plaza galdu eta beste ikastetxe batera joan behar izan duten irakasleak, eta nahi dituzten destinoetara ezin dute konkurtsatu. Bestalde, interinoek hartzen dute ingeles perfila duen plaza asko. Plaza hauek ezin dira sartu lan eskaintza publikoan, batetik, PAIren egokitasuna aztertzen ari baita, eta bestetik, irakasle sartzeko araudi estatalak, Sarbiderako Erret Dekretuak, ez du ematen aukera legalik C1 maila eskatzeko ingeleran. Erkidego guztiek bete behar dute oinarrizko lege hau. Ingeles behar hau exijitzen duten alderdiek muga legal hau ezagutzen dute, baina orain helburua bestelakoa da.
PAI ezarri dutenek bazekiten gaztelaniazko plaza asko desagertuko zela, beraz, orain hizkuntza horretan plaza gutxi eskaitzaren erantzukizuna gobernu berriari egoztea guztiz hipokrita da. Gaur egun bi aukera ditugu: opoziorik ez egitea, eta orduan gobernua akordioa ez lukete beteko; edo, iragarritako moduan egitea, eta 2018 urterako uztea A eta G ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako plazen eskaintza, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza nola egiten den finkatu eta gero.
Espezialitatearen araberako oposizioak eta kontratazio zerrenda bakarra aldarrikatu dugunean, hizkuntzen bereizketa egin gabe, hainbat sindikatuk agertu duen jarrera neurriz kanpokoa eta asmo gaiztokoa izan dela uste dugu. Hizkuntza apartheida bultzatzea irracional eta zuzengabea da. Euskaldunok behartuta gaude oposizioak euskaraz edo gaztelaniaz hautatzera. Elebidunok, edo ele aniztunok, erabateko gaitasuna dugu hizkuntza batean edo bestean egiteko gure lana. Beraz, ez dute zertan mugatu gure aukera laboralik, eta hau ohikoa izan da urte luzetan. Aitzitik, gure gaitasuna eta malgutasuna baloratu beharko lirateke. Hizkutzen ezagutza gehigarria da, baina euskarari badagozkio kengarri bihurtzen dute. Elebakarrentzat guettoak defendatu ordez irakasle guztiei euskaraz ikasteko aukera ematea aldarrikatzen dugu, aurreko gobernuen hizkuntza politikagatik ezinezkoa izan baitute hizkuntza hori ikastea.
Pasa den asteko Mahai Sektorialean steilas sindikatuak zerrenden kudeaketa aldatzearen beharra aipatu zuen, eta gure ustez garrantzitsuagoa dena, hots, oposizioen sistema bera aldatzea, defendatu zuen, eta ebaluazio irizpideak publiko egitea ere bai. Horrelaxe segituko dugu lanean.