Etxeko zorua

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Petriati 2018ko urr. 9a, 13:56

Bizi baldintza ezberdinak aurkitzen ditu nafar euskaldunak bere bizilekua den etxeko gela batetik bestera mugitzen denean.
Sukaldean ari denean ematen duen urrats bakoitzean zartatu egiten da zapaltzen duen baldosa eta ez du heldulekurik oin azpian zabaltzen zaion zuloan hanka harrapaturik ez geratzeko.
Kontu handiz ibili beharra dauka, berriz, egongelara abiatzen denean, segun eta hanka non jartzen duen parketaren ohola altxatu eta zartako ederra jaso baitezake aurpegian.
Irrist egitea erraza baldin bada ere, oinarri sendoagoa du egongelak eta babes handiagoa eskaintzen dio, segurtasun handiagoz mugitu daiteke bertan.
Etxe guztian zehar askatasun osoz mugitzea eragozten dion zentzu gabeko zonifikazioarekin bukatzeko aukera dago orain. Orain da etxeko zolak dauzkan kalteak konpondu eta zoru sendoa jartzeko momentua. Orain da herritar euskaldunei egunerokoan eragiten dion anomalia bidegabearekin bukatzeko unea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!