Gaur Martxoaren 9a da, emakumeen eguna! Ez pentsa iparra galdu dudanik, ongi aditu duzue. Gutxi lo egin arren badakit atzo izan zela egun ofiziala, niri ere heldu zitzaizkidan mezuak , argazkiak, aldarrikapenak eta abar.
Betekada ederra hartu nuen hitzez, hitz potoloaz, egia erran, kurioso xamar egiten zait aditzea gizonei sistema patriarkalaren kontra, kurioso baina polita; gustukoa dut. Nahiago nuke hitz horiek gaur berriro entzutea ala bihar, “dagokion” egunatik kanpo. Aurten ere, anitzek erran dute egunero dela emakumeen eguna, hainbestetan entzun dut badakidala hori, urte hasierako proposamenak bezala, aste baten buruan ahantzita dagoela. Beraz gaur, aste beteko epe horren barrenean gaudenez, ez dut uste ahaztu egin zaienik eta zerbait oso praktikoa egitea espero dut. Nire aurtengo proposamena parlamentuan izan da adierazpenik ez egitea, hitzik ez, horren ordez IPES elkarteak Parlamentuari proposatu dion hitzarmena sina dezagun.
Ez dagokiola Parlamentuari diote, Gobernuari baizik, ados, baina aukera paregabea dugu Gobernuaren utzikeria gure konpromiso bilakatzeko. Unibertsitate Publikoarekin hitzarmen garrantzitsu bat dugu, oroimen historikoari buruz, horren antzeko bat behar dugu emakumeen borrokaren oroimena ez desagertzeko.
Gaur, Martxoaren 9an, gaur emakumeen egunean, ziur irabaziko dugula gaurko erronka, egunerokoa emakume borrokalariaren oroimena ez ahaztea. IPES ez da itxiko, ez nire bozkarekin.