Aste buru honetan izan dugu Iruñean Parlamentuetako Sahararekiko elkartasuna talde-artekoen biltzarra. Lan ildoak zehaztu behar genituen, zer egin, noiz, nola, zertarako… parlamentariaz gain, Polisarioko delegatuak eta erakunde batzuk ere gurekin egon ziren, gonbidatuen artean azpimarratu nahi dut Hassanna Aaliaren presentzia.
Ez zuen sobera luzatu bere mintzaldia, oso zehatza izan zen, Gdeim Iziken, Duintasunaren kanpamentua eraikitzeagatik preso, bere lurrean aske bizitzeko asmoarengatik preso izan zuten. Marokiar gobernuaren indar armatuek Gdeim Izik era bortitzean desegin zutenean, 24 saharauiar hartu eta Salé Rabateko espetxera eraman zituzten ekintza baketsu hartan parte hartu izanagatik soilik, atxilotu eta neurri gabeko torturak pairatu zituzten. Epaitu zuten une horretan eta libre utzi zuten. Ondoren iritsi zen, ordea, tribunal militarraren akusazioa eta kondena. Marokoko auzitegi militar batek bizitza osoko espetxeko zigorra jarri diola azaldu zigun, baliogabeko auzi batean, nazioarteko hainbat erakundek salatu bezala bermerik gabeko auzian. Hala ere, Espainiak argudio gisa erabili du babes politikoa ukatzeko.
Hain kasu garbian horrelako erabakia hartu izanak arrazoi bakarra izan daiteke, interes ekonomikoak. Bezero garrantzitsuenetan bigarrena da Maroko Espainiarentzat, Zapaterok bere unean erran zuen Espainaren interesak honen aurrez jarri behar zituela eta hori da Rajoyk egin duena. Honek adierazten du bere konpromiso falta ardura historikoaren aurrean, horrela bere konplizitatea nagusitzen da sahararren kalteetarako. Triste baina egia.
PPko batek erran zion nire aurrean “ea zurea moldatzen den eta gure artean gelditzen zaren”. Harritua gelditu nintzen: “berea” , “gure artean”??? Nik ez dut Hassannarentzat babesa eskatuko, nik bere familiarekin, bere lagunekin bueltatzeko eskubidea defendatuko dut, bere herri libre horretan bizitzera! Espainaren konplizitatearekin Marokok okupatzen segitzen duena
Sahara libre!