Ez, ez dut nahi, nekatuta nago, beti berdin, toki guztietan, helburu guztietan, honek ez du irtenbiderik, ez dago nire esku, diruaren sokak lepoa bihurritzen dit eta ezin dut ezer egin.
Atzo bankuan izan nintzen, egun osoan jatordu bakarra egin nuen traje berria erosi behar izan nuelako bizkarroi horien aurrean itxura ona emateko. Munstro horiek ez daukate sentimendurik, nazkagarri halakoak! Ez ninduten entzun ere egin, etxegabetzen banaute zer egingo dut? Nire arbasoen etxea, ezingo naiz bizi. Bizitza hau bizitzea ez du merezi.
Dirua da gure ondasuna, ja, barregura sortzen dit horrek, bizitzak errespetatu, babestu eta defendatu behar lituzke, baina ez, diruak usteldu egiten gaitu. Tortura eta mespretxu tresna da, bizitzaren bidea kirasten du, bihotz osasuntsuak iluntzen ditu, eskuzabalak berekoitzen, duinak krudeltzen...
Zerbait egin behar dut, bizitzea merezi duen bizitza izan dadin nire argi printza. Bizitzaren bidean ibiltzeari utziko diot? Bizitzaren bidea garbituko dut, behingoz, ondorengoek nondik jo argi izan dezaten. Soka hau moztu eta lagun guztiak deituko ditut. Guztiak behar ditut, gaur, hemen.