Iritsi da momentua, hamaikak eta berrogeita hemeretzi.Mahai gainean dauden 12 mahatsetara zuzendu dut begirada, hurrengo urteari hasiera emango dioten 12 mahatsetara. Lehen kanpai hotsa entzun da, lehen mahatsa jateko ordua. Mahai gainean hutsune bat utzi du, estaltzen zuen igandetako mahai zapi gorriaren zatia agerian utziz, nire bihotza osatzen duten pertsonak biltzen dituen mahai zapi gorrian, hainbat eta hainbat ospakizunen, eztabaiden, agurren, barre algaren, negarren… lekuko izan den mahai zapi gorrian.
Bigarren kanpai hotsa. Begirada jaso, eta, oraingoan, nire amonarenarekin gurutzatu da, haren azal zimurrean ezkutatzen diren bi gaztaina distiratsu horiekin. Urte latza pasa ondoren, hemen jarraitzen du, lezioak emateari utzi gabe. Ordutan eta ordutan murgilduko nintzateke begi horietan, istoriotxo amaigabeak entzutera.
Hirugarren kanpai hotsa, laugarren kanpai hotsa. Nire ondoan sentitu dudan begiradak pentsamenduak oztopatu dizkit, nire ezkerraldean eserita dagoen neskaren begiradak. Buruan olatu amaigabez osaturiko itsaso orraztu gabea dauka, bere mozorroaren parte omen da. Lo bariko gauetako kantuak, barre algarak, tontakeriak… datorzkit burura. Irribarre egin dit, eta, jakin badakit benetakoa dela.
Bosgarren, seigarren, zazpigarren… mahatsak jada desagertu dira, gaur, mahai zapi gorriaren inguruan hutsune bat utzi duten pertsonen ametsekin batera, gauero izarretan bilatzen ditugunenak, gure artera bueltatzeko desioz, aitona.
Bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren kanpai hotsak jada oihartzun bilakatu dira.
Hamabigarren kanpai hotsa. Denbora badoa, mahai zapi gorriaren distira, amonaren istoriotxoak, irribarre zintzoak, ametsak, desioak… berarekin eramanez. Denbora badoa, baina zuekin doan bitartean, ni ere banoa.
Oihane Ventura