1646ko urriko goiz hotz hartan, Tuterako biztanleak Jurdana alargunaren amodioak salatzen zituzten bertsoak oraindik buruan zituztela esnatu ziren. Jurdana alargun gaztearen portaeraren inguruko zurrumurruek zeharkatzen zituzten aspaldi hiria: Tuterako apez batekin zebilela; tabernetatik barna ikusten zutela maiz... Horregatik Jurdanak Francisco zapatariak bortxatu egin zuela salatu zuenean inork ez zuen sinistu.
Auzitegiaren aurrean aurkeztu ziren testigu guztiek Jurdanaren izen txarra konfirmatu zuten. Franciscoren lagunek, berriz, esan zuten gizon ezkondua zela, zapatari ona, lau mutiko-nesken aita eta kristau ona. Zerbait gertatu izan balitz, erruduna Jurdana zen, gizonak tentatzea gehiegi gustatzen zitzaiolako. Istorio horiek laster bihurtu ziren abesti. Mutiko gaztez osatutako ikasle kuadrilla baten denbora-pasa zen mozkortzea eta Jurdanaren etxeraino gerturatzea bere leihopean abesteko, «ay la Jurdana, que se cabalga a cualquiera».
Orain dela lau mende emakumearen gaineko ikuspuntua guztiz ezkorra zen. Gizonen bekatuen errudunak gu ginen, tentagarriak izateagatik, bortxatzailea berriz biktima. Ez da harritzekoa, beraz, Jurdana errudun bezala agertzea bere bizilagunen aurrean eta Aro Modernoko Wathsappa ziren koplek iraina zabaldu zuten.
Baina gu ez gara XVII. mendean bizi, ezta? Imajinatu ezina litzateke bortxatua izan den emakume batek bere portaeren inguruko azalpenak eman behar izatea. Edo komunikabideetan bortxatzaileen lagunak agertzea esanez ze mutiko jatorrak diren. Ez ditugu inolaz ere txantxa matxistak edo bortxaketak justifikatzen dituzten portaerak onartzen, noski ezetz! Ez genuke eztabaidatu ere egingo bortxaketaren biktimak zeraman arroparen inguruan, edanda zegoen edo ez, erasotzailea aurretik ezagutzen zuen, ezta? Txantxarik ez gai horien inguruan, ez garela XVII. mendean bizi!!
Ez noski. Gure gizartea Tuterako 1646. urteko biztanleen pentsaeratik oso aldenduta dago, eskerrak.