Azken boladan irratia pizten dudan bakoitzean dirua azkar eta erraz lortzeko promesarekin datozen iragarkiak entzuten ditut. Mailegu zuzenak, kirol apostuak eta lotería bezalako publizitatea besteak beste. Gaur, adibidez bi lelo entzun ditut, “gure ametsak ez dira merkeak”, zioen batek, eta “diruak ez dakar zoriontasuna, baina laguntzen du” besteak. Bi esaldiak lotería kanpaina ezberdinen eskutik datoz eta biak bat batean aberats egiteko ametsaz baliatzen dira. Gure bizitza egun batetik bestera aldatuko dela promesten digute eta gu korrika lotería erostera abiatzen gara.
“Diruak ez dakar zoriontasuna, baina laguntzen du” esaera popularra da eta esaera guztien atzetik bezala, egi puntu bat egon daiteke. Maslowen piramidearen teoriaren arabera, soilik behar basikoak aseak ditugunean saiatu gaitezke goi mailako beharrak betetzen. Piramidearen oinarrian egonen lirateke goxea eta hotzaz babestea, edo segurtasuna lortzea. Horiek asetuta goi mailako beharren bila joan gaitezke; zoriontasuna, maitasuna eta horrelakoak. Arazoa da “gure ametsak ez dira merkeak" leloari erantzunez, gure gizarte kontsumista honetan lehen mailako beharrei kapitalismoak asmatutako beste hainbat behar gehitu dizkiegula; arropa berria erosi, kotxe on bat eduki, Iphoneko azken bertsioa lortu.... Hauek lehen mailako beharrak bihurtu ditugu eta sinestu dugu horiek asetu gabe ezinen dugula zoriontasuna lortu. Gure ametsak merkeak ez badira kontsumismoaren gaitzak eraginda gaixorik gaudelako da. Beraz, nik aurten sendatze kanpaina bat jarri diot nire buruari eta lotería erosteari utziko diot, ea horrela poliki poliki desintoxikatzen hasten naizen.